Euskal intelligentsiaren arrasto bila

Andoni Eizagirre-(e)k eginda at 2009/03/17 19:15 |

Edukiz josia bigarren modulua ere. Ane Larrinaga eta Xabier Mendigurenen hitzaldietan aukera izan dugu gure iragan hurbileko kulturgintza ezagutzeko, gure kulturgileak eta eliteak, beren rolak. Gaur egunerako ere ideia mamitsuak entzun ditugu, pista onak gizarte aldaketetan kulturgileek jokatzen duten rola eztabaidatzeko, eta elite politikoaren eta kulturalaren arteko harremanak ulertzeko ere bai.

Hauek dira zer pentsatua eman didaten ideia batzuk:

  • Ane Larrinagak “Kulturak babes politikoa behar du autonomia lortzeko” baieztatu zuen. Hauxe da Jon Eskisabelek  bere iruzkinean galdetzen duena: ba al du gaur egun babes politikoa (eta beraz autonomia)?
  • Euskalgintzan instituzionalizazio autonomikoarekin etena gertatu da, bide desberdinak hartu dituzte mugimendu sozialek eta bertako Erakunde publikoek: kulturgileen rola aldatu egin da, instituzioek elitea izatearen monopolioa beraientzat soilik nahi dute, eta une orokoa da gizarte mugimenduen, kulturgileen eta elite politikoaren artean liskarra;
  • Instituzionalizazioarekin batera etorri dira kooptazioa, zereginen lausotzea edota biderkatzea, askotan auzi “teknikoetara” mugatzen dira betekizunak eta eztabaidak, baina iruditzen zait bisio bat (adostua, ahal dela) falta zaigula;
  • Irudikari kolektiboak formulatu eta jendarteratzeko zailtasuna susmatzen dut, erreferentzien aniztasunak badakar jendearen artean halako noraeza bat, eta ugaritasunaren ordainetan oinarrizko premisa batzuk (hizkuntzaren zein euskal kulturgintzaren ingurukoak), orain gutxi arte euskalgintzan aho batez onartzen zirenak, guk geuk oharkabean bezala “ahaztu” egin ditugu.


Badugu ibilbide bat egina. Bakoitzaren ardurak eta rolak ebaluatzetik has gintezke, gaurko egoera ulertzeko, eta ahal dela aurrera begirakoak ere pentsatzen hasteko. Lehen ariketa bat izan daiteke lortutakoen ebaluazio bat egitea, eragile bakoitzak merezi digun aitortza eta kritika burutzea, adostasunaren faltan lortu dena eta adostasunarekin lor zitekeena eztabaidatzea, horren guztiaren balorazioak aurrera begira dakarzkigun ikasgaiak formulatzen hastea, besteren artean.


Iruzkinak (8)

Mailu Arruti 2009/03/18 19:43
Kulturgintza mundu hontan ez al dago interes pribatu gehiegi, zerbitzu emate asmo gutxiegi eta narzisismo gehiegi?
Konponbiderako asmo gutxi. Elkarlanerako bldintza eskasak, kultura zer den adostu beharra, diskriminazio positiboak non erabiltzeko politika adostasunik ez e.a.
Gai honek gaitz endemiko gehiegitxo ote dauzkan iruditzen zait.
Julen Altube 2009/03/18 19:51
Dramatikoa bihurtzen ari da instituzioek elite izatearen monopolioa bereganatu nahi hori. Kulturgileen elkar hartze oinarrizko batzuen beharra somatzen dut.Gidaritza intelektuala argiago bisualizatu nahi nuke nik. Uste dut badagoela maila goreneko gogoetarik (graduondoko ikastaro honetako zenbait hizlari kasu)eta hortik etorri beharko du eztabaida eta aurrera begirako zidorra.
Miriam Luki 2009/03/18 19:56
Kulturak babes politikoa behar du, hasteko gehienetan defizitarioa delako. Baina politikak ezin du, ezingo du kultura berea egin. Erakundeek bereak egin dituzte, asimilatu, gizartean sortutako diskurtsoak eta egitasmoak, moldatu egin dituzte. Bide horretan aintzindaritzaren rola bereganatu nahi izan dute eta aintzindaritza hori ez dagokie erakundeei, nire ustez. Hori liskarren testuinguruaren leiho bat izan daitekeela esango nuke.

Bisio falta dago, bai. Ez dut uste irudikari kolektiboak formulatzeko gaitasunik dagoenik eremu publikoan. Gizarteak badu,ordea, gaitasun hori. Norbanakook erreferentzia aniztasun horri filtroak ezartzen dizkiogu, izan ere, guztiok baitugu oinarrizko premisen premia. Hori nola jarri amankomunean, nola norbanakotik komunitaterako trasbasea egin, nola bildu eta bat egin aleak, nola mugiaraziko gaituen amets kolektibo bat artikulatu?
Miriam Luki 2009/03/20 12:26
Gauzatxo bat gehitu nahiko nuke. Intelektualen ezaugarria gaitasun kritikoa dela uste dut eta horrek erakundeetatik urruntzen dituelakoen nago, edo urrundu beharko lituzte gutxienez. Horregatik, nonbait badaude, erresistentzian daudela esango nuke. Beharbada erresistentziaren zentzua eta espazioak edo eremuak gaur egun zeintzuk diren ere begiratu beharko genuke eta agian Gramsciren inteligentsia baino, trinkotu gabeko intelektual taldea aurkitu genezake horrela.
Julen Altube 2009/03/24 15:01
Tribuaren errealitate eta amets kolektiboek islada behar dute nonbait. Intelligentsiaren funtzioa bada hori (horrela uler daiteke behintzat)amets kolektiboen bisio kritikoa eman, irakurketa egin...tribuari eztabaidarako oinarriak eskaini. "Euskal" eremu, izate, unibertsoan... arlo instituzionalak(politikoak) duen garrantzia kontutan hartuta, asmatu beharko litzateke intektualitatearen ikuspegi kritikoa eta plano politikoaren arteko uztarketa oinarrizko bat ematen.Definizioz bateraezinak ematen badute ere kontradikzioak kontradikzio, ezintasunak ezintasun...aurrerabiderako ekarpen politikoek euskal intelligentsiaren (nonbait baldin bada) ekarpenetik behar dute.
Miriam Luki 2009/03/24 16:00
Politikaren eta intelligentsiaren arteko azken berrogeita hamar urtetako hartu-emanean ziklo bat deskribatu daitekeela esango nuke.

Intelligentsiak ideiak sortuko ditu bisio kritiko batetatik eta ideia horiek zabaltzeko bideak zeintzuk diren aztertu ere. Esan ideia, esan egitasmo, esan amets, esan ilusio, esan proiektu kolektiboak. Guztiekin hobera egin nahiko dute, gizartea aldatu eta hasieran, boterearentzat arazoa izango dira, deserosotasuna sortuko diote botereari.

Ondoren, politikatik gauzatuko dira horietako proiektu batzuk eta orduan politikak edo botereak intelligentsiaren zati bat irentsiko du, intelligentsia hori erakundetu egingo da eta boterean daudela, ametsak galdutzat emango dituzte, edo ez; akaso ahaztu egingo dituzte, ez dakit.

Bereganatuak ez direnak erresistentzian geldituko dira bete gabeko proiektuekin amesten eta haien alde lan egiten, zailtasunek ilusioa galaraziko die poliki.

Hori guztia testuinguru batean eman da eta koordenada historiko batzuetan, baina ez da bakarrik hemen gertatu.

Beharbada orain ziklo berri baten hasieran egon gintezke, beste testuinguru baten aurrean, ideia berriak sortu beharrean, etorkizunean politikagintzatik gauzatu ahal izango direnak.
Julen Altube 2009/03/25 11:32
Bada gurean botere instituzionalean sustrairik bota ez duen lur-azal politikorik, baina aldi berean gizarte eraldaketarako oso eraginkorra izan daitekeena. Horretaz ari naiz, batez ere, (ez soilik)eta uste dut eremu horrek etengabe behar duela euskal intelligentsiaren iturritik edan.Hortxe duela, gainera,oinarria.

Erresistentzian ere bada lur-azal politikorik eta zelai horretan edukien eguneratzeak, eztabaidek, ideia kritikoek...inon baino presenteago egon beharko lukete. Horren premia somatzen dut.

Ez dakit...behar bada gaiaren abiapuntutik urrutiegi joan naiz.
Julen Altube 2009/03/29 18:17
Hara hemen! Ane Larrinagaren "Kulturgileak eta kulturaren esparruaI
Tradizio intelektualak beranduko modernitatean" (Utriusque vasconiae) liburuarekin burrukan nabilela, "Kultura vs.politika" 3.1.4. atalean, gai honen inguruko teorizazio interesgarria aurkitu dut. Niri lagungarri suertatu zait behintzat.