Beste bi kasu
Amelia Barquin-(e)k eginda
at
2009/04/03 17:39
|
Permalink
Hona hemen bi kasu hausnartzeko (irakasleekin lantzen ditugu Kulturarteko Hezkuntzari buruzko ikastaroetan). Ea ba zuek zer pentsatzen duzuen!
Nongoa zara?
- Frantzian hainbat gazte autoktono daude guraso edo aitona-amona aljeriarrak dituztenak. Frantzian jaio eta hazi eta hezi dira. Beste frantses batek (arbaso autoktonoak dauzkanak) horrelako gazte bati galdetzen dionean ea nola sentitzen den gehiago -frantsesa edo aljeriarra-, gazteak lehenengo aldiz frantsesa dela esango du ziur asko. Bigarren aldiz gauza bera galdetzen diotenean, apur bat haserre bera frantsesa dela erantzungo du. Beste batek berriro ere galdetzen dionean, gerta daiteke amorruz esatea aljeriarra dela. Horrez gero horixe izango da bere erantzuna. Nahiz eta bere hizkuntza bakarra frantsesa izan eta Algerian bakarrik pare bat aldiz oporretan egon izan.
- Galdakaoko euskaltegi bateko maila baxu batean neskato beltz bat ikasten ari da. Kurtso hasierako ariketa batean denek esan behar dute nongoak diren. Neskak Galdakaokoa dela esatean, irakasleak erantzuten dio modu adiskidetsuan hori ezin dela izan eta eskatzen dio benetan nongoa den esateko. Neska haserretzen da (haserre hori kurtso osoan zehar adieraziko du) eta irakasleak ez du ulertzen zergatik, berak zer egin duen txarto.
Zenbait galdera
- Zer gertatzen da kasu bakoitzean? Zergatik protagonisten egonezina?
- Zein da kasu horietako pertsonek daukaten identitatearen kontzeptua?
- Zein ondorio izango ditu protagonistentzat eta gizartearentzat kontzeptu horrek?
- …


Ameliak bere testu batean "identidades múltiples", nortasun anitzen kontzeptua azaltzen zuen. Badirudi nortasuna esentziala dela, bakarra izango balitz bezala, baina nortasunaren potean kolore asko ez al dira bada kabitzen? Galdetu zeuen buruari, zer zarete? Ez nuke esango hori etorkinen, oraingoen eta aurrekoen, kasuan bakarrik ematen denik.Onartu dezaket, akaso, nortasunen saltsan besteen gainetik indartzen den bat egon daitekeela, seguruen mehatxatuta sentitzen dena izango dena gainera. Hortik kanpo, kaleidoskopikoa beharko luke gure begirada ez baikara gauza bat bakarrik, ez?
Finean, badirudi galdera izan ohi dela: baina bene-bene-benetan nongoa sentitzen zara? Tokia-nazioa, arraza, erlijioa, berdin dit zein atxekimendu motari lerratzen diogun galdera. Itxuraz, erantzuna ere bakarra behar du izan. Hortaz, nire azala iluna bada kolore horrek emango dit nortasun nagusia bertakoen begien aurrean eta ustez hemengoa ez denez ni ere ezingo naiz hemengoa izan. Silogismo maltzurra da, ez?