Aniztasun kultural berria dela eta

Andoni Eizagirre-(e)k eginda at 2009/04/03 18:21 |

Eztabaida zahar bat, garai berri batera egokituta. Azterketa on batek beti behar ditu perspektiba historikoa, analisi kritikoa eta gogoeta lekutu eta gaurkotua. Josu Amezagak orain artean landuriko gaiekin bezala, berriki hasi duen kultura-aniztasunaren inguruko gogoeta intelektualean ere metodologia hori hobetsi du, gure gradu-ondokoan berretsi zigunez.

Gaia zaharra da, baina galdera nagusia osatzera behartzen gaituzten elementu berriak ere badaude, ikasi dugu orain arteko neurri politikoek gabeziak dituztela, eta gaiari erantzuna emango badiogu gure eremu propiotik pentsatu beharra dugu. Galdera nagusia errepikakorra da: komunitate politikoa eta komunitate kulturalak artikulatzearen auzia, hain zuzen ere. 


Erabaki modernoa izan da komunitate politiko bat sortu eta horrek bermatzen dituen egitura eta baliabideekin (hezkuntza-sistema, legedia, ejertzitoa, kultura-politikak) nortasun kultural bat sustatzea. Halabeharrak behartuta, 70.eko hamarkadan kultura-aniztasuna maila politikora jaso da, galdera zaharra erantzun asmotan: posible da komunitate politiko bat identitate kulturalaren aniztasuna errekonozituta? Erantzunak modu askotakoak izan dira, Europan ere bai, hala nola, “integrazioa”, “segregazioa” eta “aitortza”, baina kasu guztietan ere konstante bat izan da hizkuntza ofizial baten zaintza (esplizitu batzuetan eta inplizituko besteetan).

90. hamarkadaz geroztik, ordea, globalizazioak fenomeno sozial berri ugari ekarri ditu, eta bere ondorioen artean aipagarriena da lurralde fisikoaren eta identitate kulturalaren lotura estua hautsi egiten dela. Teknologia berriekin norberaren ohiturak eusteko aukerak nabarmentzen dira eta bada espazio transnazionaletan bizi den jendea. Adibidez, euskal ikastetxe batean eskolatu eta hizkuntza autoktonoa ikasi (minoria bat da termino konparatiboetan halere euskara hautatzen duena), etxean eta senitartean beren jatorriko kultura eta ohiturekin bizitzea eta kontsumo-objektuak ere halakoak izatea, informazio-iturri bakarra Internet edota satelite bidezko komunikabideak izatea eta beren herrialdeko informatiboak soilik ikusentzutea, sekula ez adibidez EITB, eta beraz “ez dira des-integratzen” eta “kulturen artean bizi dira”. Halako fenomenoak “ez dira ez-ohikoa”. Bestalde, mugikortasuna tarteko dela, ugaldu egingo da “geratzeko etorri ez den jendea”, izan goi-klasekoa izan langilea.

Kultura-aniztasunaren politikek ahulezia ugari izan dituzte, berrikiago trans-kultura(lizazioa) ere sendotzen ari da, eta bitartean galdera zaharrak birformulatzera eta erantzunak gaurkotzera kondenatuak gaude.

Horrek eraginda, posible ote da gure kasuan ondo itxi gabeko orbainak irekitzea? Zergatik bereizi “euskal herritarrak” eta etorkinak, eta ez euskaldunak eta besteak? Maila berean daude euskaldunak, herritarrak eta etorkin berriak? Egin al dezakegu zerbait autogobernu-politiko bat gabe? Zein da gure hautua: diskurtsoa gaurkotuz komunitate politiko bat garai berrien neurrikoa eraikitzea, ala aniztasun kulturalen bizikidetza tolerantea, ala kultura hegemoniko bat eta ertzetan beste kultura guztiak, ala printzipio laikoei leialtasun konstituzionala eta jendartean aniztasun kulturala? Zeintzuk dira arreta merezi duten gaiak, ertzak, subjektuak, objektu politikoak? Euskal Herrian nor da etorkina?

60. hamarkadan abertzaletasun berriak garai hartarako erantzun bat adostu zuen, ardatz zituen langilegoa eta euskara, horrela esentzialismoekin hautsiz eta “eskuratu” ahal diren eremuetan (askatasuna, hizkuntza) kokatuz herritartasuna. Ikusi beharko da horien baliotasuna. Baina orduan bezala orain, Amezagak argi utzi zuen “gaia gure testuinguru propioan pentsatu beharra, diskurtso propioa izan beharra”.

Azken ideia horren kontzientzia hartzea bera ez ote den oraindik garbi ez duguna. Kezka hori ere badut, baina era berean ni bederen lasaitzen nau halako gai arantzatsuetaz Josu Amezaga bezalako bat arduratzea ere.




Iruzkinak (3)

Julen Altube 2009/04/11 22:37
Diskurtso propioa eraiki beharra... Josu Amezagaren proposamena. Hortxe legoke aurrera begirako lana. Tribuan batzar nagusia nola egin pentsatzen joan beharko genuke. Gure ezaugarriei egokitutako diskurtsoa eraiki, gure testuinguru propioan pentsatutako proposamena. Gure proposamena egituratu eta ondoren eskaini... Proposamen horren euskarria ez da izango, gurean, komunitate politiko egituratua, ez daukagu horrelakorik...ez momentuz behintzat... Horrek komunitate kulturalari begira jartzen gaitu, hizkuntz komunitateari begira...eta hor...kohesio falta nabarmena daukagu eta horren ondorioz ziurgabetasun handia kultura aniztasunaren erronkaren aurrean. Gainditu beharreko gabezia da kohesio falta. Tribuaren batzar orokorraren beharra ageri-agerian berriro ere.

Kultura-aniztasunaren aro berri honetan, gure proposamen propioa eraikitzerakoan, 60.hamarkadan adostutako ardatzei ikusten diet oraindik ere euren zentzua. Euskara. Euskaldun, euskara eskuratzen duen oro izan deitekeen heinean...horrek irekitasun haundia ematen digu. Eskuragarri egiten gaitu...eta kultura-aniztasunaren aro berrian dohain garrantzitsua izan daiteke hori, geure-geurea den ezaugarria gainera...alemaniera dakien oro ez da alemaniarra, arabiera dakien oro ez da arabiarra...baina euskaraz dakien oro...

Horri, 60.hamarkadan adostutako bigarren ardatza gehitzen badiogu, langilegoa...bada... etorkina, datorrena, etorri dena...geratuko baldin bada lanari lotuko zaio ziurrena eta langilegoaren klase kontzientziak berpizkundea bizi lezake hurrengo urteetan, bai behintzat, ekonomia arloan datorkigunari begiratzen badiogu.

Abiapunturako, bere garaian adostutako ardatzek balio dezaketela uste dut... itxi gabeko orbainetan egon daiteke zailtasunik handiena eta ez horregatik zailtasun bakarra. Gainera, gauden egoeran, gure proposamena ertzetik egingo dugu, egingo baldin badugu...
andoni eizagirre 2009/04/14 12:47
Kultura-aniztasuna birpentsatu beharrekoa da, badirelako elementu berriak. Baina kultura-aniztasuna ez da erabat berria. Eta zaharrak diren horiek izan daitezke nekearen aitzakian ondo aztertu gabe utziko ditugunak, beldur naiz. Adibide bat.

Pirritx eta Porrotx –“que han mostrado su apoyo a una marcha organizada por la asociación de familiares de presos de ETA en un video infantil”-, “dúo habitual en EITB”? Eta Correo egunkariko kazetariak eransten du EITBren erreforma dela “uno de los objetivos del próximo Gobierno vasco liderado por el PSE” [Correo, 2009-04-14].

Errepara diezaiegun bi aipamenei: “dúo habitual en EITB” eta “[EITB] uno de los objetivos del próximo Gobierno vasco liderado por el PSE”. Ez da behar EITB jarraitzeko ohitura berezirik, gezur hori ezeztatzeko eta datorrena iragartzeko.

Ez dut pasarte hori kontu ideologiko, etiko zein deontologikoengatik jasotzen. Hori ere bada kezka-gune bat. Hemen beste bi arrazoirengatik jasotzen dut: (a) argi berresten duelako gurean komunitate kulturala zatikatua dela, ez dagoela euskal kultura ezagutzeko asmorik, ez kalean (ikusi dituzte Pirritx eta Porrotx?) ez telebistan (noiz ikusi dituzte Pirritx eta Porrotx EITBn?), baina gainera (b) aldaketa-garaiotan eremu sinbolikoa gatazka-ardatz fundamentala delako.

Pirritx eta Porrotx gure plazetatik kentzeko modu bat eta bakarra dekretazoa da, zuzenbide-estatuan legitimoa, nonbait; faxismoan gertatu ohi da kultura vs. legea. Pirritx eta Porrotx dira “praktika ona” eta berak dira jendea irabazi dutenak. Horregatik dabiltza hain temoso. [Gogoratzen nola ibili zen Savater ere El Pais neutral eredugarrian 2001 hartan “pailazo politikoak” iraindu eta neutralizatzen? Savater da urte haietan oraingo gatazkarako aholkua luzatu zuena ere: “abertzaleek eremu sinbolikoa irabazi dute, hor jokatzen da gure demokrazia, horretara lerrokatu behar dugu errebolta zibikoa”, 2001 ahaztezin hartan.] Dena lotuta dago, lotuta, gurean Espainia ez da inoiz kasualitate bat izan.

Orain hamabost egun aholkatutako kapitulu batean galdetzen zitzaigun “Politikatik zer espero daiteke kulturan?” Gauza bera galde genezake beste arloetan ere. Baina gure hausnarketetan uste dut badela (tarteka bederen) asertibitatea gaindituko duen postura bat hartzeko beharra, jarrera apur bat erasokorragoa. Argi esateko: politikari eta beste eragileei bagagozkie, gure aldekotasunaren zaintza eta maitasun falta kritikatzera mugatu ohi gara, batzuetan administrazioen politikak setatsu kritikatzera, baina oraindik orain ikasi badugu –beti izan den legez- gu toleratzeari ere larregizkoa irizten diotela, aski dira jarrera haiek?

Nekagarria da beti kontra- ibili beharrarena, edonork gurago du bereari jarraitu eta “konstruktiboa izan”, edonork, baina baikortasun tolesgabea eta inozoa ere bada kristau onaren gurutzea, ala?

Pirritx eta Porrotx dira nire eredu, berak dira etorkinen auzia eta beste fenomeno sozial berriak modu pedagogiko, ireki eta inklusiboan lantzen dizkigutenak [ay, Bologna], baina hori beste hasi beharko dugu esaten anti-ereduak ere badaudela, eta aniztasunaren izenean eta hori gertatzearen mesedetan anti-ereduekiko intoleranteak izaten ere hasi beharko dugula, asertibo zein biolento, ala? Amaitu da begiak itxi eta “guk gure bidea egin behar dugu, jendea gauzak ondo eginaz irabaziko dugu” premisa, bere horretan. Hori egiten da, hori batzuek egiten dute, eta batzuk horiei erantzuna ere ikasi dugu. Ez da aski.

Asteazkenean Imanol Galfarsoro dator. Hiztegi eta jarrera desberdin batekin gerturatuko zaigu. Gradu-ondoko honetan aipatzeke dauden hitz zahar batzuk hasiko gara entzuten, hala nola, boterea, horiek gero Mario Zubiaga irakaslearekin errematatzeko. Emango dizkigute pista batzuk, konturatzeko erkidego bat osatzerakoan guztia ez dela ona, ez, eta gatazka kulturala (ere) arlo politikoan jokatzen dela. Ez da deskubrimendu bat izango, “besteak” ikusi besterik ez dago, baina horiek entzuteak ere egingo digu mesederen bat, aspaldi luzean ahotan erabiltzen ditugularik “progresibitatea”, “erakargarritasuna”, “aukeratzeko eskubidea”, “aniztasuna” eta horrelakoak.

Altura hauetan, ez du balio “horiei onena kasu zipitzik ez egitea” esateak, eta ez dut uste otsailaren 20 batean ataskatuta geratu nintzelako denik.
Julen Altube 2009/04/18 16:54
Bai, ados nago Andoni, akatsa litzateke nekearen aitzakian zaharrak diren horiek...itxi gabeko orbainak (Amezagak zioen moduan) aztertu gabe uztea.

Gure benetako gatazka kulturala...talka, bortitza gainera egunerokotasunean eta traumatikoa sarri askotan, (otsailaren 20 hura tarteko) asimilazio estrategia politiko-kulturalek (Espainia eta Frantzia) eragindako irenste prozesu progresibo eta mugagabean dago. Hain da progresiboa, hain mugagabea ze...askotan zaila suertatzen den jakitea zenbateraino "beste" horiek ez ote diren gu, ez ote garen gu. Baina beno, "beste" eta gu, (kultura komunitate espainol eta frantsesa eta euskal komunitate kulturala) errealitate ezberdinduak izan bagarela baleko abiapuntutzat joaz, komunitateen bizikidetza baino, (aniztasuna baino), talka dela onartu beharko genuke hasteko (Porrotxek jarritako burbuilaren adibidea datorkit burura)...eta jakina...abiapuntu ezkorra da hau...gure artean (euskal komunitate kulturalean) momentuz kohesiorik sortzen ez duena...abiapuntu politikoki ez zuzena bizi gaituen demokrazia patologiko honetan.

Nik, nire ezkortasunetik, nire etsipen puntutik, nahiago dut kultura komunitateen (hizkuntza komunitateen) arteko talkan oinarritu eta gure tribuaren proposamena hortik eraiki. Gatazka, alarma gorria, biziraupena, asimilazioa, erresistentzia ...
erreskatatu beharreko kontzeptuak direla uste dut. Egoera gordinaren kontzientzia hartu eta hortik egin gure proposamena. Tribuaren proposamena.

Parametro horietan, gure ekarpenak batez ere tribukoei balioko liguke (ez guztiei, gainera)...ez dakit kohesiorako lagunduko lukeen...(baiezkoan nago, kontzientzia hartuta...)...eta kultur komunitate asimilatzaileen ideologoek eta mertzenarioek errefusatuko luketela badakit (hoba ez!)...baina euren komunitateen kideek ez al lukete ulertuko gure erreakzio estrategikoa?...eta etorkin berriei (aro berrikoei) ez al lieke gure bizi nahia eta "besteen" irentsi antzia hobeto irudikatuko?

Niri, erakargarritasunaren teoria, huts-hutsean, oso pretentziosoa egiten zait...horregatik uste dut talka onartu, piztu eta estrategikoki erreakzionatu behar dugula, nahikoa meritu dugula eskuragarri izaten...berriro diot, euskera eskuratuko duen hori euskaldun izango da...eta hori, gure unibertsoaren balorea bada...ez unibertsala baina.