Mikel Laboa gogoan daukagula, Xabier Lete joan zaigu
Abenduaren 1ekoa arratsalde berezia izan da EKTren 3. edizio honetan. Lehen saioan, Ibon Rodriguezek eskaini digu “Mikel Laboa, kultur transmisioaren eredu” izeneko hitzaldia. Hitzaldiaren mamia Ibonek berak EKTn eginiko proiektua izan da.
Bigarren saioan, berriz, Iñaki Urruzolak antolatu eta Onintza Enbeitak aurkeztutako omenaldiari heldu diogu. Idoia Trenorrek aukeratutako argazkiak lagun, hortxe etorri dira, hurrenez hurren, Ixidro Elgezabalen gogoetak, Iratxe Ibarraren bat-bateko bertsoak, Eneko Barberenaren okurrentziak, Miriam Lukiren poemak, Erika Lagoma eta Beñat Gaztelumendiren bertso jarriak, Karlos Aizpuruaren performancea, Isabel Diazen olerkiak, Nere Erkiagaren dantzak, Enrike Letona eta Ane Alonsoren joaldiak, Eñaut Elorriagaren kantuak eta bildutako guztien omenezko kantuak ere bai, bukatzeko, Amaia Zinkunegiren zuzendaritzapean. Juan Luis Etxabururi eskerrak, orobat, aukera izan dugu Mikel gertuago, iku(s)garriago izateko. Kepa Matxainen txinaurri lanari esker eta Mari Karmen Garridok ateratako argazkiei esker, hurrengo batean ere gogora ekartzeko moduan izango dugu 2010eko abenduaren 1a.
Geu eta geurez, Mikel Laboa lagun. Bertan bizi izandakoa norberak aldean daraman moduan, taldetasunak berak damaiguna elkarrekin daramagu, gozagai eta gozagarri.
Xabier Leteren heriotza
Goxotasunaren ostean, ordea, trago garratza berriro abenduaren 4an: Xabier Lete hil! Bestelakoen zain, biltzen gaituen graduondo honetan Xabier Letek berak utzi digun arrastoari errepara diezaiogun:
- Azkenekoz, 2009ko maiatzaren 13an izan zen Huhezin. Hara Euskadi Irratian
- Eta Berria.infon jasotakoak
- Aurretik ere izana zen gure artean, 2008ko apirilaren 29an. Ordukoak Euskadi Irratian, 13. Saioan.
Begiak barrez barre, bihotza negarrez... halaxe gogoratzen zaituztegu, sortzen eta birsortzen jarraitzeko kemenez.
