Albisteak

Maialen Lujanbioren koadernoa argitaratuko da, EKT aditu titulua oinarri hartuta

2010/09/14

Irailaren 16an, ostegunez, HUHEZIk eta Lankuk Maialen Lujanbio bertsolariaren koaderno bat aurkeztuko dute Mintzola fundazioan, Villabonan. Koadernoak izena du “Hau koaderno bat zen (hau koaderno haren berrinterpretazioa da)”, eta biltzen ditu Maialenek 2007-2008 ikasturtean Euskal Kulturgintzaren Transmisioa izeneko aditu tituluan egindako oharrak, ikastaroaren 1. edizio hartan Maialen Lujanbiok ikasle moduan hartu baitzuen parte beste 60 ikaslerekin batera, HUHEZIk eta Arteola Fundazioak gonbidatuta.

Argitaratu berri den koadernoak 260 orrialde ditu, eta bertan Maialenek hausnarketa egiten du, horretarako hainbat baliabide erabilita: testuak, marrazkiak, koloreak, bertsoak... Antzematen da egileak Arte Ederrak egin zituela. Jon Sarasua irakasleak horrela ikusi du Maialenen lana, koadernoaren hitzaurrean:

  • Tartean, han atzealdeko aulkietan, Maialen. Galdera gutxi eginez ahoz. Galdera asko eginez bere baitan. Bere begiratu berezi horren galbahetik koadernora pasatakoak, ikasturtean jasotakoaren argazki album bat bezala dira. Argazki-album bat mimatua, eta fotoshopean landua. Nola goaz? Galderak airean segitzen du, eta Maialenen sorkuntza ikasle senari dagokiona da oraingoan. Apunteen bidez, gure sorkuntzari buruzko oldozpenaren lekukotza inpresionista bat eskaintzen digu, gaurko jakingarri eta biharko oroigarri.

EKT aditu titulua

HUHEZIk eta Arteola Fundazioak helburu batekin sortu zuten Euskal Kulturgintzaren Transmisioa izeneko aditu titulua: corpus batean biltzea euskal kulturgintzari buruzko jakintza barreiatua, eta belaunaldi gazteei transmititzea. Ikastaroak bilatzen zuen, halaber, formazio multifokala eta praktikoa ematea euskal kulturgintzak dituen desafioen aurrean. Hori guztia arituek eta adituek emanda.

Lankurekin batera

Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak eta Arteola Fundazioak Lanku izan dute bidelagun argitalpen honetan, enpresa bat Bertsozale Elkarteak sortua bertsolaritzaren azpiegitura indartzeko. Lankuk kudeatzen ditu beharrezko diren baliabideak, materialak zein giza alorrekoak, edozein kultur ekitaldi sortzeko eta antolatzeko, eta helburua du bertsolaritza indartzea, herri mugimenduaren antolakuntza errespetatuta.

Maialen Lujanbioren koadernoa argitaratuko da, EKT aditu titulua oinarri hartuta