Josune Zabala, Mintzola Fundazioko zuzendari izendatu dute
Mintzola
Fundazioa Villabonan sortu zen, Subijana egoitzan, ahozko tradizioaren
behatzaile dinamikoa izateko asmoz, gaurko gizarteak ahozkotasunaren
inguruan izan ditzakeen premiak erantzuteko. Martxoaren 26a ezkero, eta
Mintzola Fundazioak horrela erabakita, Josune Zabala izango da
fundazioko zuzendaria, Euskal Kulturgintzaren Transmisioa aditu
tituluko lehen aldiko koordinatzailea izan zena.
Josune Zabala
Alberdi Errezilen jaio zen, Gipuzkoan, 1978an. Euskal Filologian
lizentziaduna da, eta eginak ditu doktore ikasketak eta Hizkuntzak
Kudeatzeko Unibertsitate Aditu Tituluaren graduondoko ikasketak.
Irakaskuntzan eta itzulpengintzan egin du lan, batik bat.
Ahozkotasunari dagokionez, hainbat ikerketa egin ditu, bai Bertsozale
elkartearekin eta baita Mondragon Unibertsitatearekin ere.
Argia
astekariari aurreratu dionez, ahozkotasunaren beraren inguruko
diagnosia egitea izango du lehen eginkizuna zuzendaritza lanean:
"Ahozkoak daude, alegia, genero desberdinak, ez ahozkotasun bakar bat:
hitzaldia, bertsoa, ipuin kontaketa, esaera zaharrak, elkarrizketa...
zer ahozko dauden diagnostikatu behar dugu, eta zer ikertu eta zer
bultza nahi dugun erabaki".
Honako erakundeek osatzen dute
Mintzola Fundazioa: Bertsozale elkarteak, Euskal Herriko
Unibertsitateak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Villabonako Udalak eta Kutxak.
Fundazioak, bestalde, Joxerra Garziak egindako txostena du abiapuntu.
Euskal Kulturgintzaren Transmisioa egiten dugunok zorionik beroena eman
nahi diogu Josune Zabalari, gure artean arrasto sakona utzi baitzuen.
