Hedabideen etorkizuna aztergai, Martin Ugalde Kultur parkean
Maiatzaren 22an Lorea Agirre Euskal Kulturgintzaren Transmisioa taldeko kideak eta Aitor Zuberogoitia Ikus-entzunezko Komunikazioa karrerako zuzendariak, biak Huhezi fakultateko kideak, parte hartu zuten Martin Ugalde Kultur parkean, Andoainen, EKT taldeak antolatutako jardunaldietan: “Hedabideak etorkizunean, biharko prentsa eta Internet”.
Lorea Agirre moderatzaile gisa eta Aitor Zuberogoitia hizlari bezala, mahai-inguru batean hartu zuten parte, Jose Ignacio Armentia (EHU) eta Jon Muñoa (Deustuko Unibertsitatea) irakasleekin batera. Mahai-inguruaren gaia: “Nola egokitu eskaintza XXI. mende hasierarako errealitate eta beharretara?”
Paperezko egunkariak desagertuko diren edo ez, ereduak zenbateraino aldatuko diren, unibertsitateak egoki ote dabiltzan aro berri honetan… zalantza asko mahai gainean. Armentiak gogorarazi zuen askotan esan dela halako urterako paperezko egunkariak desagertuko direla, eta askotan ez dela asmatu.
Jon Muñoaren iritziz, “badago mugimendu bat sarerantz”, dagoeneko Internet erabiltzen dutenak %30 baitira, eta prentsa paperean irakurtzen dutenak, %42. Bere ustez, azken orduko albisteak Internet bidez jarraituko dira. Baina “informazio garrantzitsua” zein den ere esan behar du norbaitek, eta ez du uste hori Internetek egin dezakeenik.
Aitor Zuberogoitiak, berriz, sei aholku eman zizkien egunkariei: parte hartzeko bideak zabaltzea; albiste gutxiago eta esanguratsuagoak ematea; komunitatea batzea eta trinkotzea; burua irekitzea, inertziak hausteko; produktu berriei muzin ez egitea; eta komunitatea kazetaritzan trebatzeko hezkuntza jarduerak sortzea.
Mahaikideak bat etorri ziren esaterakoan komunikazioa bera baino, “negozio eredu bat” dagoela krisian. Hedabideak bide alternatiboak ari dira probatzen, tartean zerbait kobratzea zerbitzu jakin batzuk erabiltzeagatik.
Ehun bat lagun izan ziren Martin Ugalde parkean, lehenengo eta behin Vicent Partal Vilaweb atariko arduraduna eta Juan Varela kazetari eta kontsultorearen hitzaldia entzuten, eta ondoren mahai-inguruan parte hartzen. Zenbait unetan, beste horrenbeste lagunek jarraitu zuten ekitaldia Interneten, Berriak telebistaz eskaini baitzuen ekitaldia, zuzenean.
