Hasi da Euskal Kulturgintzaren Transmisioa aditu tituluaren 3. aldia
2010eko urriaren 13an abiatu zen Euskal Kulturgintzaren Transmisioa aditu tituluaren hirugarren aldia. Bertan 36 ikaslek eman dute izena, bost probintziatatik etorrita. Julen Arexolaleiba ikastaroko koordinatzaileak egin zien ongi etorria, batzorde pedagogikoko kideekin batera. Julenek ikastaroaren helburuak azaldu zituen, eduki arloak eta lan prozedurak. Ondoren, ikasgelan zeuden guztiek beren burua aurkeztu eta zerk bultzatuta eman duten izena azaldu dute.
Atsedenaren ostean, Joan Mari Torrealdaik hartu zuen hitza. “Egunkariaren epaiketaren harira garatutako diskurtsoak” izan zituen hizpide. Bertan aztertu zituen zelakoak esan ziren euskaraz eta euskal kulturaz akusazioetan eta sententzian. Halaber, aztertu zituen prentsan hizkuntzaz eta ereduen gainean esandakoak. Kezkatuta agertu zen, oraingoz ez baitio akaberarik ikusten oldarrari.
Aditu tituluaren bilakaera
Aditu titulu 2007-2008 ikasturtean egin zen lehen aldiz. Esperientziak erakutsi duenez, sakondu egin behar da didaktika ereduan; hau da, ikasleei aukera handiagoa eman partehartzeko, ikasitakoan sakontzeko, nork bere interesen arabera ondorioak ateratzeko. Arreta berezia eskainiko zaizkie:
- Hezkuntza sistemari.
- Tokian tokiko ekimen eredugarriei.
Helburuak
Ikastaroak helburua du corpus batean biltzea euskal kulturgintzari buruzko jakintza, barreiatua dago-eta, eta belaunaldi gazteei transmititzea. Halaber, ikusita zelako desafioak dituen euskal kulturgintzak, bilatzen du formazio multifokala eta praktikoa egitea. Hori guztia arituek eta adituek emanda. Beste alorretakoen eskura jarriko du, orobat, kulturgintzaren transmisioan izandako estrategia eta esperientzia partzialak. Horretarako, bi multzo harreman eragingo ditu: aritu eta adituen multzoa eta bihar-etziko eragileen multzoa, gai honetan jantzi nahi duena.
