Festa polita EKT ikastaroaren bigarren aldiari amaiera emateko
Uztailaren 1ean eman zitzaion amaiera Euskal Kulturgintzaren Transmisioa aditu tituluaren bigarren aldiari. Antolatzaileek adierazi zutenez, hurrengoa bi urte barru egingo da, 2010-2011 ikasturtean. Azken eskola amaituta, agur ekitaldi bat egin zen fakultateko kaperan, eta bertan banatu zitzaizkien diplomak ikasle guztiei. Ondoren, afaria egin zen Aretxabaletan, Larriño auzoko elkartean, eta bertan parte hartu zuten irakasleek eta ikasleek, iazko zenbait ikasle ohirekin batera.
Azken ekitaldia
Julen
Arexolaleibak ireki zuen azken ekitaldia, ikastaroko zuzendaria bera,
eta adierazi zuen beretzat esperientzia bikaina izan dela EKT ikastaroa
zuzentzea, ikasleen jarrera aparta izan baita eta hizlarien ardura eta
kemena nabarmentzekoak. Eskertu egin zuen bere taldearen lana, eta
euskal hedabideetan ikastaroak jaso duen arreta. Baita zenbait enpresa
eta euskara elkarte, beren jendea bidali dutelako ikastarora. Nahiz eta
datorren ikasturtean ez den egingo ikastarorik, taldeak lanean segituko
du, Sorguneak ikerketa guneak bi lan ditu-eta esku artean. Bestetik,
formazio iraunkorra ere landuko du, ikastaro bat egingo baitu Eibarren
Iralerentzat.
Hurrengo, bideo bat ikusi zen, ikastaroaren
bigarren edizioa laburbiltzen duena. Ondoren Maialen Lujanbio
bertsolariak egin zuen berba, azaldu zuen-eta zelan egin duen koaderno
bat antolatzaileen enkarguz, eta bertan zelan isuri duen bere
interpretazioa, aurreko edizioan ikasle izan baitzen EKT ikastaroan.
Ikasleen txanda
Ikasleek ere parte handia izan zuten azken ekitaldian, Aitor Oiarbidek aurkeztuta. Fernando Iraetak bertso batzuk kantatu zituen Azkoitian izandako greba baten inguruan, eta hor Ibon Rodriguezen laguntza izan zuen gitarrarekin. Jarraian Ibonek berak Gabriel Arestiren abesti bat kantatu zuen, Bartzelonako unibertsitate ikasle euskaldunei eskainia. Marilu Arrutik denen barreak eragin zituen garbitzaile piuran sartu zenean aretoan, eta errepaso oso berezia egin zionean ikastaroari, adar soinuan beti ere. Miriam Lukik poema batzuk errezitatu zituen. Juan Mari Juaristik, berriz, bertso jarriak ekarri zituen, ikastaroari eskainiak, eta denen artean kantatu ziren. Ikastaroko antolatzaileek Hatsa abestia kantatu zuten gero, Imanol Larrañagak eta Arkaitz Arrietak dantza egin aurretik, Imanol Minerren zeharkako txirularen laguntzarekin.
Diplomak eta afaria
Ekitaldia amaitzeko, antolatzaileek diplomak banatu zizkieten ikasle guztiei. Ondoren, berriz, nahi izan zuten guztiek afaria egin zuten Aretxabaletan, Larriño auzoko elkartean, Urkulu urtegiaren gainaldean. Argazkiak ikusi nahi dituenak Flickr-en ditu ikusgai, ekitaldikoak eta afarikoak.
