Dida lipduba: ongi etorri euskararen mundura!

2011/03/18
Martxoaren 2an, GaraiOn Naturartea Elkartekoek gidatuta eta Eman ekoizetxeak grabatua, DIDA izeneko lipdub grabazioa ezin bereziagoa sortu zuten EKT-ko ikasle zein irakasleek. GaraiOn taldekoak ideia jakin bat lantzeko asmoarekin agertu ziren fakultatean: EKTko kideak prozesu sortzaile batean murgiltzea.

Horretarako, lipdub bat prestatzea erabaki zutenez, bezperatik hasi ziren egitasmoaren nondik norakoa diseinatzen, eta halaxe ikusi ziren fakultatean GaraiONeko zenbait kide erdi izkutuka prestakuntza lanak egiten. Graduondoko ikasleak etorri zirenean, ezusteko ederra jaso zuten, izan ere, ez baitzuten espero horrelako esperientzia bat biziko zutenik.

Tupust batean, antolatzaileek bost taldetan banatu zituzten parte hartzaileak, talde bakoitzak ideia bat garatzeko asmotan-edo. Hala, bada, gizatalde bakoitzak kontzeptu bat landu behar izan zuen, eta gainerako taldeekin adostasunak bilatu. Hori guztia, hamabost minutuan; prozesua dinamikoa bezain bizia suertatu zen.

Honako ideiak azaldu ziren parte hartzaileen artean: eboluzioa, giza-energiaren beharra euskararen mundua elikatzeko, kultur espresioen interdisziplinaritatea... Ideia nagusia laburtuta: komunitatearen indarrak mundu erakargarria sor dezake edonor bertan integratzeko. Leloa: "Ongi etorria gure mundura"

Horrela kontatzen du Iñaki Urruzolak han bizi izandakoa: “Oso denbora gutxian bagenuen sakoneko ideia bat egituratzeko eta horretxera jarri ginen. Berehala talde giro jator, emankor eta alaia somatzen zen gure artean, eta behin ideia jakin bat prestatua genuelarik, berau bideratzeko urratsak ematen hasi ginen”.

Talde bakoitza  HUHEZI fakultateko gune batean kokatu zen, mozorro mordo  bat eskura zeudenez, talde bakoitzak bere buruari inauterietako jite moduko  bat eman zion,  eta bere gunean egin beharreko mezuak eta pantomimank adostu zituen.

Iñaki Urruzola hunkituta geratu zen: “Grabaketa lanetan hasi zirenenean, sinkronizazio izugarriarekin errepresentazio ezin dotoroeagoa suertatu zen; halaxe bizi izan genuen ikasle zein irakasleok  behintzat. Bukatzeko, sorkuntza ekintza guztiak horrela lantzen direnean edertasuna berez dator. Eskerrik beroenak GaraiON Naturarteko taldeari. Eta, jadanik gure lagunak diren Amaia Gabilondo, Eneritz Ibarra, Alfredo Iturrioz, Uxoa Agirrezabal eta Mireni”.