EKTkideok otsailaren 19an “Bilbo eta euskara” ibilbidea egin dugu
Asteazkenero izaten ditugun saioen osagarri, kanpo-irteera egin dugu joan den larunbatean, Bilbora.
Goizeko 11ak aldera elkartu ginen Unamuno Plazan hogeikote bat, euripean. Aterpean sartuta, Aitor eta Pedro Zuberogoitia anaiak, hasi zitzaizkigun, txandaka, “Bilbo eta euskara” binomioak XX. mendean zehar izan duen bilakaeraren berri ematen.
Bidebarrieta kalera etorrita, gerra aurreko “juventud vasca” kokatzen zeneko etxaurrean geldialditxoa eginda, Plaza Berrian beste bat, eta Areatzara hurbilduta Balentin Enbeitaren estatuaren aurrean egin genuen hurrengo geldialdia.
Azkue Ibaizabalera erori zenekoa gogora ekarriaz, Albiako lorategiraino iritsi ginen, Sabino Aranaren estatuaren aurrera. Eta txangoarekin bukatzeko, 13:30 ak aldera, Kafe antzokira.
Azkue, Unamuno, Alfontso Irigoien, Krutwig, Aresti, Etxaburu etab. Gerra aurreko ikastola eta 1960eko hamarkadan abiatutakoa; mende hasierako euskara-katedra eta 70. hamarkadako euskaltegiak; Euskaltzale bazkunetatik egungo elkarte eta konpartsa euskaldunetara; Euskaltzaindia eta Pott banda, etab… 2 ordutan makinatxo bat istorio kontatu zizkiguten Zuberogoitia anaiek Bilboren historiaren euskaltzaletasuna geureganatzeko. Eskerrik asko bioi, horren ondo eta bizi aritzeagatik!
Txikito batzuk hartu eta koadrila handituta, ederto eta armonia ederrean bazkaldu genuen Kafe antzokian bertan. Eta gero gerokoak!
Udaberri aldera hurrengo txangoa egiteko plana martxan da, ja.
Ikusi nahi izanez gero, hona larunbateko planoa eta argazkiak.
