Ekainaren 1ean amaitu zen EKTren 3.edizioa

2011/06/22
Joxanton Artzeren saioarekin hasi, partaide guztion artean atondutako azken festarekin jarraitu eta Edorta Agirrek prestatutako afari ederrarekin amaitu zen ikasturte honetakoa.

Poemak irakurriz eta aldian behingo oharrez osatu zuen saioa Joxanton Artzek: goxo, sakon, bizi-bixi…

Ikasturtean zehar ikaskide izandako askok osatu dute azken festaren programa. Bakoitzak beretik, hurrenez hurren:  Erika Lagomak eta Beñat Gaztelumendik bertso jarriak kantatu zituzten Kepa Matxain lagun zutela gitarra jotzen. Eneko Barberenak liderrez aritu zitzaigun, ohi duen jite komikoa lagun. Karlos Aizpuruaren imintzioak, zirikadak eta ateraldiak etorri ziren gero. Maitane biak, Legarreta eta Beristain, elkarrizketa trafikatzailea eskaini ziguten geroxeago. Hurrengo, 2. edizioan ikasle izan zen Mailu Arrutiren antzerkia etorri zen, ezuste ederrean. Eta, jarraian, dagoeneko bikote artistiko izateko bidean diren Ane Ortizek eta Enrike Letonak flautaldian eskaini ziguten “Txoria txori”. Zain zegoen jada, txanda noiz helduko, Jon Agirresarobe, ikastaldiaren jokaldirik onenen txantxa egiteko. Ikasleez gain, batzorde pedagogiko kideek EKTren ereserkia abestu zuten saioari amaiera emateko, “Hatsa” izeneko kanta. Hori guztia Amaia Zinkunegik eta Arantzazu Altubek aurkeztu zuten. Profesionalak biak, Iñaki Urruzolaren gidaritzapean.

HUHEZIko egitekoekin gustura amaitu eta umore onean Larriño auzora joan ginen Edorta Agirrek prestatutako afari ederra dastatzera. Bapo afaldu eta kantuz eta kontuz bete zen gaua, Ondarruk aguantatu zuen arte.

Mari Karmen Garridori egokitu zitzaion argazkilari-lanetan aritzea. Hona, bilduma.


Bideoak