Helburuak
Helburuak
- Euskal kulturgintzari buruzko ezagutza barreiatua corpus batean biltzea, eta formazio dialogiko baten bidez transmititzea. Horren baitan, kulturgintzan azken hamarkadetan sortzaileek izandako kezka, ikuspegi, zailtasun, apustu eta esperientziak belaunaldi berri bati ezagutaraztea.
- Gure kulturgintzak dituen ortzimugen eta desafioen aurrean formazio multifokal eta praktikoa egitea, eragileei jakintza-tresnak emanez.
- Kulturgintzaren transmisioan izandako estrategia eta esperientzia partzialak beste alorretakoen eskura jartzea.
- Aurretik esandako guztiak (korpus baten sorkuntza, desafioen gogoeta multifokala, esperientzien transmisioa) bi multzo harremanetan jarriz egitea: batetik aritu eta adituen multzoa, eta bestetik gai honetan jantzi nahi duten gaurko eta etorkizuneko eragileen multzoa.
Hiru aditzetan helburuak bilduta:
1. Ezagutza bildu. Euskal kulturgintzaren inguruan arituek eta adituek duten ezagutza biltzea eta XXI. mendeko desafioei begira jartzea. Lehen edizioan izandako aditu eta aritu guztien irakaspenak jasota dauzkagunez, horien berri ere izango dute aurrerantzean ikasleek. Aditu-titulu honetan, beraz, ezagutza biltzen jarraitu nahi dugu eta jasotakoa transmititzen.
2. Ezagutza sortu. Ezagutza ekoiztea hiru zentzutan: a) gai batzuk espreski graduondoko honetarako garatuko direlako, b) ezagutza biltzean emaitza batura baino gehiago izango delako, eta c) formazioaren transmisio dialogikoak galdera berriak eta erantzunak sor ditzakeelako.
3. Ezagutza transmititu. Sortutako corpus hori transmititzea ondoren beronen transmisioan paper biderkatzailea izango duen eragile multzoari (irakasleak, gizarte-erakundeetako langileak, kultura teknikariak, etorkizuneko sortzaile, ikertzaile eta bultzatzaile potentzialak). Irakasle-ikertzaileen, kulturgileen eta Euskal Herriko lurralde guztietatik etorririk hartzaile izango den eragile multzo horren artean gogoeta-gune formatzaile bat sortzeko tresna da graduondoko hau.
