Aditu titulua 2007-2008
Ikastaroaren lehen aldia
Hainbat urtez euskal kulturaren inguruan elkarrekin hausnartu ondoren,
2007an Arteola Egitasmoak eta Mondragon Unibertsitateko Huhezi
fakultateak erabaki zuten garaia zela graduondo bat prestatzeko Euskal
Kulturgintzaren Transmisioaz. Jon Sarasuak azaldu zuen euskal eragileen
artean zabalduriko kezka: "Nora goaz euskal kulturgintza moduan? Ez al
daude hainbat krisi sintoma inportante? Ez al dugu asmatu gure
hezkuntzan gure kulturgintzak eman duen ondarea transmititzeko
bideetan? Hainbat gabezia ikusten ditugu geure kulturgintzan; oro har,
ez daukagu plazarik, ez daukagu gogoeta gunerik, ez daukagu geure
hezkuntzan transmisioa egiteko estrategiarik..." Ekimen horrek bi
berrikuntza ekarri zituen: gogoeta gune hezitzailea sortzea, euskal
kulturgintzaren inguruan aurrekaririk ez zuena, eta estatus akademikoa
ematea euskal kulturgintzaren transmisioari.
Josune Zabalak gidatuta, Batzorde Pedagogikoa lanean jarri zen,
ikastaroa prestatzen: Joseba Azkarraga, Jesus Garmendia, Andoni Mujika,
Jon Sarasua eta Iñaki Urruzola. Horrela, 2007ko urrian, abiatu egin zen
Euskal Kulturgintzaren Transmisioa graduondoa. 60 lagunek eman zuten
izena lehen aldi hartan, Hego Euskal Herrikoak. Aurrean, izen handiko
irakasleak, adituak batzuk eta arituak besteak, hala nola, Anjel
Lertxundi, Xabier Lete, Mariasun Landa, Benito Lertxundi, Ander
Manterola, Joseba Zulaika, etab. Denak Dorleta eraikineko ikasgela
handi batean, bereziki hornitua ikastarorako.
Ikastaroak ikasturte osoa iraun zuen, zortzi hilabete, eta aldi
horretan ikasleek behar handia egin zuten: hainbat lan txiki ikastaroan
barrena, eta azken proiektua, bukaeran. Emaitza oparoa izan zen, oso,
eta horrek konbentzitu gintuen aurrera egiteko esperientziarekin.
