Informazioa bilatzeko aholkuak

Informazioa bilatzeko aholku orokorrak

Bibliotekak informazio-iturri desberdinak jarri ditu zure eskura, hala nola, katalogoak, datu-baseak, aurkibide elektronikoak... Iturri horietan zenbait eremuren arabera egoten da egituratua informazioa: egileak, artikulu-izenburuak, aldizkari-izenburuak, deskribatzaileak, gaiak, laburpenak...

Informazioa bilatzen ari zarenean, gogoan izan informazioa hitzen bidez bilatzen ari zarela eta makinek irakurri besterik ez dutela egiten; hau da, ez dituzte hitzak interpretatzen; horregatik garrantzitsua izaten da terminorik egokienak hautatzea, horien sinonimoak izan daitezkeenetan pentsatzea eta hizkuntza batean baino gehiagotan egitea bilaketa. Gero eta hitz gehiago sartu orduan eta erantzun gutxiago jasoko duzu. Hitz bat edo bi sartzea estrategia ona da, eta, soilik, emaitzak asko direnean sartu termino gehiago, bilaketa zehazteko.

Informazio-iturri gehienek “edozein eremu” edo “bilatu erregistro osoan” izeneko eremua izaten dute; horren bidez eremu guztietan batera egingo duzu bilaketa. Bilaketa, aukera hau erabiliz egitea aholkatu nahi dizugu; erantzun zabala jasoko duzu, baina beti izango duzu aukera erantzun kopurua murrizteko, bai beste eremu batzuk erabilita bai eremu horietako batzuk elkarrekin erabilita.

Gogoratu tresna hauek bilaketa aurreratuak eta laguntza eskaintzen duten atalak ere izaten dituztela; oso erabilgarriak izan daitezke.

Jarraian, bilaketa eraginkorragoak egiten lagunduko dizuten elementu batzuk azalduko ditugu: mozketak, operadore boolearrak eta gertutasun-operadoreak.

1. Mozketa. Hitz baten karaktere bat edo batzuk ordezkatzen dituzten sinboloak dira; termino bat eta termino horrek izan ditzakeen aldaerak aurkitzen laguntzen dute. Sinbolorik erabilienak * ? dira. Iturri bakoitzerako egokienak zein diren jakiteko jo iturriek eskaintzen dizuten laguntzetara.

Mozketen adibideak:

hez*-ek hezkuntza, hezitzaile, hezkuntzazko, heziketa... berreskuratuko dizkizu.

ar?-k ardi, artzain, artile... berreskuratuko dizkizu.

Ar?oa-k artoa, arloa, ardoa... berreskuratuko dizkizu.

2. Operadore boolearrak. Operadore boolearrek bilaketa bakarrean zenbait termino batera erabiltzen uzten dute eta bilaketaren emaitza handitu edo murriztu egiten dute.

ETA / AND hitz guztiak dituen erregistroak bilatzen ditu:
Gehry ETA museo

EDO / OR zehaztutako hitzetako bat gutxienez baduten erregistroak bilatzen ditu:
museoa EDO galeria

EZ / NOT bilaketa batetik hitzak baztertzen ditu. Kontu handiarekin erabili behar da erregistro egokiak ezaba ditzakeelako:
Guggenheim EZ New York

 

3. Gertutasun-operadoreak. Tresna hauetako gehienek hitzen sekuentzia zehatza bilatzea ahalbidetzen dute, hau da, sartu ditugun orden berean. Aukera hau “esaldia” terminoarekin identifikatu ohi da. Nola erabili tresnaren arabera jakingo dugu; izan ere, batzuek komatxoak ("") sartzea eskatuko digute eta besteek zuzunean egingo dute. Tresna bakoitzerako aukera egokia zein den 

jakiteko, jo ezazu tresnen laguntza atalera.

 

"Ingurumen kutsadura" bilatzen badugu, guk idatzi bezala, esaldi hori duten dokumentuak berreskuratuko ditugu, eta sekula ez, adibidez,  ingurumeneko kutsadura edo ingurumenaren kutsadura.