Ikasketa eta Biblioteka

Informazio konpetentziak

Gaur egungo gizartean bizi dugun informazio-jauzia, askotan kontraesankor diren ezagutza anitzak kudeatzeko beharra eta mugikortasun profesional eta pertsonalak, informazioa bilatu, aukeratu, ebaluatu, erabili eta besteei transmititzeko konpetentziak garatzea ezinbesteko bihurtu dute.

Informazioa ezagutzan bilakatzen ikastea, eta ezagutza transmititu daitekeen informazioan berriro ere bihurtzen ikastea hiritarrok dugun erronka inportante bat da gaur egun.

Informazioaren gizartean bizi eta lan egiteko inportanteena ez da informazioa edukitzea; informazio egokia eskuratzen jakitea da benetan erabakigarria. Informazioa bilatu, aukeratu eta era egokian erabiltzen jakitea da garrantzitsua. Informazioan konpetente izatea ezinbestekoa da informazioaren gizartean era aktiboan parte hartzeko eta bizitza osoan zehar ikasteko.

Bizitza osoan ikasiko duten pertsonak formatzea da eskolek eta unibertsitateek duten zeregin inportanteenetako bat eta hori bideratzeko ikasleen ikaste estrategia autonomoak garatzea ezinbestekoa da. Autonomia lortzeko ezinbesteko gaitasuna da ikaste-irakaste prozesuan informazioa modu egokian erabiltzen ikastea. Izan ere, era egoki eta autonomoan informatzen diren pertsonak osatzen laguntzen badugu, pertsona horiek ezagutza era eraginkorragoan eraikiko dute eta bizitzan zehar erabaki egokiagoak hartuko dituzte.

MONDRAGON UNIBERTSITATEAren Mendeberri proiektua konpetentzien curriculum-garapenean dago oinarrituta. Horien artean nabarmentzekoak dira bizitzan zehar ikasteko dinamika sustatu nahi dutenak, eta eremu honetan garatzen dira informazio konpetentziak.

Horregatik uste dugu bibliotekaren helburu nagusienetako bat unibertsitate-talde osoari informazio konpetentziak garatzen laguntzea dela. Horretarako honako eremu hauetan aritzen gara:

  • Bibliotekak eskaintzen dituen informazio-baliabide eta baliabide teknologikoetan prestakuntza eskainiz.
  • Biblioteka "Ikasteko Baliabide Zentru" izatera orientatuz, Unibertsitateko ikaste irakaste prozesuetan eta ikerketan beharrezkoak diren euskarri eta zerbitzu gehienak bertan bilduz.
  • Irakasle eta departamentuekin pedagogikoki lankidetzan arituz.
  • Informazio konpetentziekin zerikusia duten ikasgaietan irakatsiz.
  • Informazio konpetentzien inguruan ikertuz