Munduan zehar aukera bila
Iván Marcos Peláez nekazaritza ingeniariak eta Mondragon Unibertsitateko MBAk munduan zehar bidaiatzerari ekin zion joan den otsailean, garapen bideko herrialdeetan aurrera daramatzaten negozio, zerbitzu, produktu eta ideia berrien bila. Gurera ekarri eta hemen abiarazteko moduko ekimenak antzeman nahi ditu, gure sistemaren lehiakortasuna hobetzeko. Helburu horrekin munduan zehar ibiliko da datorren urtean.
Indian hasi duen bidaia "Business Hunters" proiektuaren barruan dago. Munduko hainbat zonaldetan negozio aukerak bilatzeko kaleko jendearekin harremanetan jartzea proposatzen du ekimen horrek.
Mondragon Uniberstitateko OBEA enpresa irekiaren ikerketa taldeak abiarazi du proiektua, MIK, Consultoría Artesanía en Red eta Mondragon Unibertsitateko Enpresa Zientzien fakultatearen laguntzarekin.
Egitasmoaren helburua da, batetik, garapen bideko herrialdeetan berrikuntza prozesuen lehen urratsak garatzea, piramidearen oinarrian Fortuna estrategia jarraituz (Prahalad 2004). Jende pobrearekin lan egiteari buruzko estrategia da, pertsona horiek sistema ekonomikoan sar daitezen (4.000 milio lagun baino gehiago bizi da egunean 2 dolar baino gutxiagorekin).
Era berean, ekimenaren bidez pertsona arduradunen arteko komunitatea sortu nahi da, Arrasateko kooperatiben "Business Hunters" rol profesional berriarekin, berrikuntzaren garapenean eta negozio berrien sorreran lagundu dezaten, modu horretan garapen bideko herrialdeetako beharrei aurre egiteko; bestalde, aukerak antzemateko zerbitzu berria sortu nahi da, "cool hunters" direlakoak eredutzat hartuz.
Iván Marcos Peláez da esperiantzia aintzindaria bizitzen ari den "business hunterra". Ekimenak behar duen bidaiariaren profilarekin bat dator Marcos, proiektuaren arduradunetako bat den Julen Iturbek azaldu duenez: "Interneteko bidaiari sareetan sartuta egoteaz gain, Iván ekintzailea da, jakin-min handikoa, eta gogoko ditu gai soziekonomikoak. Mondragon Unibertsitatean MBA burutu zuen, eta ondoren hasi ginen bidaiaren aukera mamitzen".
Horretarako, "finantzaketa bila ibili ginen, proiektuaren alde batzuk moldatu genituen eta joan den otsailean jarri genuen abian. Bera nekazaritza-ingeniaria da, eta MBA prestakuntza duenez, baldintzak betetzen ditu negozio aukerak bilatzeko. Munduan zehar ibiltzen badaki, jendearekiko harremanak atsegin ditu, eta hori interesgarria iruditu zaigu. Mundu globalizatuarekin harremana izateko modu alternatiboa da".
Bidaiariak, negozioak, produktuak
"Proiektua Indian abiatu da, non hainbat sektore aztertu diren, hala nola garraioarekin, etxetresnekin, gizarte ekimenekin edota unibertsitateekin loguta daudenak. Informazioa "denbora errealean" igortzen da partekatzen dugun wikiaren bidez eta baita twitter eta bere blogaren bitartez ere", dio Itubek.
Foro horietan Marcosek bidean aurkitzen dituen pertsonak eta balizko harremanak aipatzen ditu, sortzen diren ideiak eta aukerak."Business hunterrak" gizakien arteko harremanak proeiktuaren alde oso garrantzitsua direla nabarmentzen du, bai tokiko jendearekiko harremanak eta baita ere bidaiariekin lantzen dituenak. "Dagoeneko 35 bat lagunekin jarri naiz harremanetan, askotariko diziplina-profilak dituztenak,hainbat jatorritakoak, izugarrizko gaitasun intelektualak eta pertsonalak dituztenak, hala nola, Alpeetako snow irakaslea, Zuricheko Ernest and young konpainiako aholkularia, abokatu ingelesa, Lisboako albaitaria, ekintzaile daniarra, Vicente Ferrer Fundazioko ekologia proiektuetarako zuzendaria, Londresko export managerra, edota Melbourneko web designerra".
Indiako lehen etapa horretan sortutako ideia eta aukeren artean hainbat adibide azpimarratu ditu Marcosek: "Walker patata-konpainian, Londresen, berrikuntza irekia aplikatzen dute, zaporea bezeroek aukeratzen baitute; Indian ia ez dago automobil marka europarrik, aukerak antzeman ditut Indian ingeniaritza hidraulikoan, birziklatzean edota energiaren arloan; lehen supermerkatuak irekintzen hasi dira; publizitateak pisu handia du Indian, tren eta autobus geltokietan edota etorbide handietan ikusten da eta batez ere nazioarteko enpresena da, proiektu sozialekin ardura kooperatiboko politikak aplikatzen dituzte; Tata taldea erreferentziazko enpresa da Indian alde askotatik begiratuta...".
Marcosek, besteak beste, kooperatibek munduan duten presentzia aztertuko du, atzerriratuekin harremanetan jarriko da, kooperatibismo globala ezagutuko du eta Mondragon taldeak munduan dituen zenbait lantegi bisitatuko ditu. Era berean, arretaz begiratuko die denda mota eta formatu berriei munduan esanguratsuak diren hirietan, hala nola, Shangain, Seulen, Tokion, Sidneyn, San Frantziskon edota New Yorken. Kontuan izango ditu produktuen eta zerbitzuen arloetan ematen diren berrikuntzak, eta hainbat unibertsitate eta negozio eskola bisitatuko ditu, besteak beste, Berkeley, Harvard, UCLA edota MIT, irakaskuntza metodologia berriak ezagutu eta unibertsitate eta ikasleekin harremanetan jartzeko. Gainera, bertatik bertara ezagutuko ditu helburu soziala duten enpresak, edo elkartasun-proiektuetan murgilduta daudenak, Vicente Ferrer, kasu, edota Indiako 100 familiak deritzon proiektua.
Txina, Tailandia, Indonesia, Ameriketako Estatu Batuak
Iván Marcosek Indiatik ematen du bidaiaren esperientziaren berri. Bere ibilbidean Nepal, Tibet, Txina, Tailandia, Vietnam, Malasia, Singapur, Indonesia eta Ameriketako Estatu Batuak bisitatuko ditu. "Nire amets pertsonala, betidanik, munduari bira ematea izan da, biziki maite dut bidaiatzea, motxila lepoan eramaten duten horietakoa naiz. Erasmus nintzenetik buruan izan dut beti zerbait sortzeko ideia, agian enpresa bat, hainbat tokitan aurkitzen nuen jendearen ezagutza intelektuala, sorkuntza eta abar profilatuko zuena", dio Iván Marcosek bere kontakizunaren hasieran.
"Bada figura bat enpresa garrantzitsuetan lan egiten duena, Zara, Levi's, Ikea, Nike... eta abarrentzat. "Cool Hunters" deintzen da (joerak antzematen dituena). Hiri garrantzitsuenetako gazteak dira. Figura hori hartu genuen kontuan, baina leku batetik bestera mugituko zena, begiak zabalik eta tokiko jendearekin hitz egingo zuena. Horrela, bidaian, hainbat lagunekin egin dut topo (diziplina askotako profila zutenak, hainbat latitudetakoak, gaitasun ugarirekin, bai pertsona mailakoak eta baita profesionalak ere).Gizakiak betidanik izan du bidaiatzea ikasteko bide", dio "business hunterrak".
Proiektuaren bilakaera web orrian ikus daiteke: http://obea.wikispaces.com/Cool+hunter
Ivánek bere blogean eta twitterrean ematen du proiektuaren berri: http://ciudadanoenelmundo.wordpress.com
http://twitter.com/ivanmarcos.
