MUko 200 ikasle “Ideia berriekin ekiten” topaketetan elkartuko dira ekimen-gaitasuna sustatzeko

2010/03/26

Mondragon Unibertsitateak “Ideia berriekin ekiten” III. topaketa antolatu du gaur unibertsitateko ikasleentzat. Helburua da bertaratuko diren 200 ikasleengan ekimen-gaitasuna eta ekimen-gogoa sustatzea. Mondragon Unibertsitateko errektoreorde Joxe Mari Aizeagak inauguratu duen jardunaldiaren bidez, enpresaren mundua ikasleei gerturatu zaie, haien ekimen-zaletasuna sustatu eta sormena nahiz ekimenak bilatzeko grina bultzatzeko asmoz.

Gainera, ISEAko Mikel Orobengoak ere parte hartu du Kimu Berri proiektua aurkezteko. Kirolarekin erlazionatutako egitasmoen bidez ekimenak sustatzea da proiektu horren xedea.  Halaber, eskaladako munduko txapeldun Patxi Usobiaga eskaladatik abiatuta jarduera profesionala eta enpresariala bideratzeko moduei buruz mintzatuko da, bere kirol-jarduera era profesionalean kudeatzen baitu. Mintzaldien zikloarekin bukatzeko, Mondragon Sustapen Zentroko Cecilio Lejarretak negozio berria martxan jartzeko eman behar diren pausoak azaldu dizkie ikasleei.

Jardunaldia amaitzeko, taldeko lan praktikoa egin dute parte hartu duten 200 ikasleek (Ametsen Ekaitza). Ekimen horren bidez lortu nahi izan den helburua da gazteenei ikustaraztea posible dela proiektu bat egi bihurtzea edo haien enpresa sortzea jarrera proaktibo jakin batzuk sustatuz. Aurten aldi berean izango da Ametsen Ekaitza 3.0, Irunen, Oñatin eta Bilbon, apirilaren 29an.

Ekiten, ideia berrien lehiaketa

Ekimen-gaitasuna sustatzeko Mondragon Unibertsitatearen III topaketa honek “Ekiten” egitasmoaren barruko hiru lehiaketak aurkezteko ere balio izango du. Hiru lehiaketa horiek unibertsitateko ikasleengan ekimen-gogoa pizteko asmoarekin jarri dira martxan eta horretarako, sormena, ekimenak bilatzeko grina eta ideia berrien sorkuntza sustatuko dira, balio erantsia duten produktu, prozesu, zerbitzu edota negozioak martxan jarri daitezen.

Ekitea, egitea, enplegua zein aberastasuna sortzea. Horiexek dira Mondragon Unibertsitatearen “Ekiten” egitasmoaren barruko hiru premisak. Unibertsitateak antolatutako lehiaketetan, ikasleen enpresa-proiektu bideragarrienek eta gizartean nahiz aberastasunean eragin gehien dutenek jasoko dute saria. Labur esanda, egitasmoaren xedea da zure enpresa berria sortuz edo negozio berria martxan jarriz ingurunean aberastasuna sortu daitekeela frogatzea eta ekimenaren kultura ikasleengan barneratzea.

Aurten lehen aldiz antolatu da Gazteria, Aisialdi eta Kirolaren Arloko Ideien Lehiaketa, jada klasikoak diren lehiaketez gain; Landa Ingurunea Garatzeko Ideia eta Proiektuen II Lehiaketa eta Enpresa Ideia Berrien IV Lehiaketa.

Unibertsitatea jaio zen une beretik inplikatu zen ekimen-gaitasunaren inguruko egitasmoekin, hainbat helburu uztartzen baitira bertan. Alde batetik, bizi-kalitatea eta iraunkortasun ekonomikoa, ingurumenekoa nahiz soziokulturala hobetuko dituzten jarduera, produktu zein prozesu berrien bidez, gizartearen garapen ekonomikoa sustatzea. Bestetik, enpresa-jarduera berriak sortzen dituzten proiektu, produktu edo negozio-ildoak martxan jarriz, ikasleen ekimen-gaitasuna handitzea. Azken batean, enplegua sortzea eta lehiakortasuna handitzea da xedea, berrikuntzaren kultura indartuz, sormena bultzatuz, ekimenak bilatzeko grina piztuz eta autoenplegua nahiz diziplina anitzeko talde-lana sustatuz.

Mondragon Ekiten

Mondragon Unibertsitateak ekimen-gaitasunaren aldeko apustua egin du ikasleei ematen dien prestakuntzaz gaindi joateko formula gisa. Hori dela eta, ikasleen esku jarri ditu ikasle eta irakasleen artean ekimen-gaitasuna bultzatzeko plan integrala eta beharrezko tresna desberdinak. Helburuak enplegua sortzea eta enpresa-proiektuak sustatuz lehiakortasuna hobetzea dira.

Horrela bada, III Topaketak eta “Mondragon Ekiten” egitasmoaren barruko lehiatze desberdinek MUren enpresa-aurreinkubagailua osatzen dutelarik, proiektuak probatzeko aukera dago enpresa sortu aurreko faseak garatuz eta martxan jarriz.

Mondragon Ekiten oinarri teknologikoa duten enpresentzako egitasmo gisa ere funtzionatzen du; ikerketa-proiektuak bideratzen dituzten irakasleentzat pentsatu da eta aukera ematen die ikerketa-proiektuek enpresa gisa izango luketen bideragarritasuna aztertzeko.

Enpresa-jarduera berria aurkezten duten Mondragon Unibertsitateko ikasle-taldeak izango dira parte-hartzaile, graduondokoak eta doktoretzakoak barne. Interesa dutenek 4 pertsonatako taldeak osatu beharko dituzte eta ideiak aurkezteko aukera izango dute maiatzaren 28ra arte.

Lehiaketaren baldintzak eta aurkezteko inprimakia www.mondragon.edu web-orrian daude eskuragarri eta lehiaketarako ideia ekiten@mondragon.edu helbidera bidali beharko da, dagokion inprimakiarekin batera.