“MU+”, jardunean dauden profesionalentzako prestakuntza eskaintza esklusiboa

2010/05/11
Donostian, 2010eko maiatzaren 11n. Mondragon Unibertsitatea eta lehenago berau osatu zuten unibertsitate zentroak aitzindari izan dira Euskadin Etengabeko Prestakuntzan.

Kopuru handietara iritsi dira urtero emandako eskola orduetan  (20.000 ordu baino gehiago) eta baita ere prestakuntza jaso duten pertsonei dagokienez (3.500 baino gehiago), enpresa mundukoak gehienak.

Etengabeko prestakuntza gero eta eraginkortasun eta sakontasun handiagoa hartzen ari da. Izan ere, gizartea garatzen deneko testuinguruak eta testuinguru horietarako beharrezkoak diren harreman, teknologia eta ezagutzak horren azkar aldatzen direnez, aurreko ezagutzak zaharkituta geratzen dira gero eta denbora gutxiagoan.
Egoera berri horren aurrean eta erronka horri heltzeko, gure gizartean paradigma berria agertzen ari da: “bizitza osoko ikasketa”.

Mondragon Unibertsitatearen 2009-2012 plan estrategikoan jasotzen den moduan, jarduera eremu horri erabateko bultzada emateko garaia da, profesionalen beharrei erantzuteko.
Gure ustez, etengabeko prestakuntzaren eskaintza ezin da “eskolara bertaratuz ia esklusiboki” eman eta ezin da Euskadira mugatu.

Horretarako, Mondragon Unibertsitateak etengabeko prestakuntza formatu aurreratuan ematearen alde egiten du. Horrela, eskolan bertan jarraitzeko eta online burutzeko ikasketak bateratzen ditu, eta banako eta pertsona zehatzen prestakuntza beharrak nahiz mota guztietako enpresenak erantzuten dituen eskaintza garatzen du, enpresa horiek korporazio handiak, globalizatuak ala globalizatu gabeak nahiz garatzeko beharrak asetzeko zailtasunak dituzten enpresak txikiak izan.

Mondragon Unibertsitateak berrikuntzak egiten ditu eta gizartearen behar berrietara egokitzen da: lanaldiaren malgutasuna, enpresaren eskuragarritasuna, lana eta aisia bateratzea, familiatik eratorritako mugak, enpresen beharrek dituzten aldaketak, enpresen tamaina, etab.

MU+ (profesional learning space) proiektua martxan jartzerakoan, Mondragon Unibertsitatearen helburu nagusia da profesionalari aukera ematea bizitza osoko gradu eta graduondoko prestakuntza izan dezan. “Eskatu ahalako prestakuntza” berritzailea hain zuzen, 25 urtetik gorakoek prestakuntza jaso dezaten lan egin eta jarduera profesional zehatza burutu bitartean, unibertsitatetik bost minutura zein milaka kilometrora egon.

Proiektu honen publikoaren ezaugarrietako bat da denborarik ez duela, eta, beraz, malgutasuna behar duela, prestakuntzaren eskaintzan eta denboran, batik bat. MU+-ek behar horri erantzuna ematen dio, bertan eta birtualki egin daitekeen gradu eta graduondoko eskaintza batekin eta osoko prestakuntza tradizionala eta modulukakoa bateratuz.
Jardunean ari den profesionalarentzat egokigarria eta malgua izateko eta horiengana iristeko, MU+-ek online prestakuntzaren alde egiten du, eta, bertan, gradu eta graduondoko titulazioak, masterrak eta aditu ikastaroak sartzen dira eta baita etengabeko prestakuntza eskaintza zabala ere. Horrek esan nahi du gizarte osoari irekitzen zaiola, izaera profesionala duten merkatuez harago eta ateak irekitzen zaizkiela karrera egin izan zuten gizon eta emakumeei, lanean goiz hasi behar izan zutenei edo behar profesionalarengatik edo hobby gisa titulu osagarri bat izan nahi duten tituludunei.

Produktu eta zerbitzu horiek lanean egon bitartean enpleguz  edo funtzioz aldatu nahi duten edo prestakuntza hobetu nahi duten pertsonen beharrei erantzuten diete. Izan ere, pertsona horien egoerak behartzen ditu erritmo lasaiagoa eramatera, kasuan kasuko baldintzetara egokitutakoa. Ekimen honek eredu eleanitz baten alde egiten du (gaztelania, ingelesa eta euskara) eta herrialde askotako profesionalei zuzentzen zaie.

Prestakuntza eskaintza

Makinaria prest dago eta MU+ martxan jarriko da. Datorren ikasturtean, jada dagoen eskaintzari zortzi titulazio eransten zaizkio: zehazki, gradu titulazio bat eta sazpi master. Moduluka egin ahal izango dira, egiaztagiria egindako modulu edo ikasgaien araberakoa izango da eta horietako batzuk online egin daitezke. Etorkizunerako apustua da, hazten jarraituko duen eta garatzeko eta enpresa eta profesionalen beharretarako egokitzeko gaitasuna duen ekimena, hain zuzen.

Hauek dira MU+-k datorren ikasturtean martxan jarriko dituen titulazio berriak:

  1. Irakaskuntza Gaikuntzarako Unibertsitate Masterra Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntza Irakaskuntzako Profesionalen Jardunerako, Mondragon Unibertsitatearen bidez. Nahitaezko titulua da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan eta Lanbide Heziketan irakasteko. (Bertaratzekoa eta Modulukakoa)
  2. Hezkuntza Erakundeetan Metodologia Berrikuntzako Proiektuak Garatzeko Unibertsitate Masterra. (Modulukakoa eta online)
  3. Testuinguru Kultura-anitz eta Eleanitzetako Hezkuntzarako Unibertsitate Masterra. (Modulukakoa eta online)
  4. Enpresa Berrikuntzako eta Proiektu Zuzendaritzako Unibertsitate Masterra.
    (Bertaratzekoa eta Modulukakoa)
  5. MBA Executive Masterra (Bertaratzekoa eta Modulukakoa)
  6. Enpresa Kooperatiboen Kudeaketarako Unibertsitate Masterra (Online)
  7. Ekoizpeneko Zuzendaritzako Masterra (Bertaratzekoa)
  8. Industria Antolakuntzako Ingeniaritza Gradua (Blended formatuan, Online eta bertan egiteko ordu batzuekin)

 

Bezeroarekiko hurbiltasun geografikoa

MU+-en begirada jarrita, unibertsitate honek hurrengo urteetarako erronka estrategikoetako bati aurre egiten dio: MUren eskaintza euskal hiriburuetara hurbiltzea eta estatuan eta nazioartean zabaltzea. Egun, Mondragon Unibertsitateak bertaratzeko prestakuntza eskaintza ematen du bere bost Campusen bidez (Arrasate, Goierri, Oñati, Bidasoa eta Eskoriatza), eta, horretaz gain, itunak sinatu ditu hainbat erakunderekin eskaintza campus horietatik kanpo hedatzeko, Euskadiko beste leku batzuetara. Horrela, Innobasque-rekin batera, Zamudioko Parke Teknologikoan “Enpresa Berrikuntzako eta Proiektu Zuzendaritzako Unibertsitate Masterra” eta PMP ziurtagiria (Project Management Professional) eskaintzen ditu. Halaber, Euskal Merkataritza Ganberekin lankidetzan (Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian), 11 ikastaro eta master martxan ditu. Izan ere, inguruarekin konpromisoa hartzen duen unibertsitatea da eta gerta litezkeen beharrei erantzuna emateko prestatuta dago.

Etorkizunera begira, proiektu honen bidez unibertsitateak estatuan eta nazioartean hedatzeko erronkari aurre egin nahi dio. Horretarako, tresna garrantzitsua da online prestakuntza, hainbat herrialdetako ikasleengana iristeko, eta ingelesez, gaztelaniaz eta euskaraz eskainiko da.

Eredu pedagogikoa

MU+-k hein batean e-learning kontzeptua erabiliko du, hau da, irakaskuntza eta ikasketa jarduerak gauzatzeko internet eta IKTak erabiltzen duen prestakuntza eredua. Online prestakuntza horrek ezberdintasunak ditu eskoletan jasotzen den prestakuntzarekin, hala nola, irakaskuntza metodologia berriak, tutorearen eta ikaslearen rol berria eta prestakuntza prozesuaren gardentasuna.

Proiektua hiru ezaugarri gakotan laburtzen da: praktikoa, berritzailea eta eraldatzailea. Praktikoa da malgua eta egokigarria delako, lana eta bizitza pertsonala bateratzea ahalbidetzen duelako eta hartutako ezagutzak martxan jartzea helburu duelako. Berritzailea da, ikasketa teknika eta metodoari dagokionez, etorkizunerako proiektuen ildo beretik baitoaz. Eta eraldatzailea da gizarte konpromisoa duen eredua delako, nazioartean hedatzeko bokazioarekin, eta ekintzailearen alde egiten duelako, proiektu sozial, kultural eta enpresarial berriak sustatuz.