Albisteak

Mondragon Unibertsitateak eta Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkarteak (EJIE) elkarrekin lan egingo dute talentua eta informazioaren eta komunikazioaren teknologia-proiektuak garatzeko

2017/07/24

Mondragon Unibertsitateko errektore Vicente Atxak eta Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkarteko (EJIE) zuzendari nagusi Alex Etxeberriak lankidetza-hitzarmena sinatu zuten, ostegunean, talentua eta informazioaren eta komunikazioaren teknologia-proiektuak garatzeko.

Akordio horretan, ezagutza partekatzea eta paradigma digital berrian talentua garatzea hitzeman dute bi erakundeek. Hitzarmenak honako helburu hauek ditu, besteak beste:

  • Esparru teknologikoetan nahiz ez teknologikoetan lankidetza sustatzea, ezagutza sortu, partekatu eta transferitzeko. Horretarako, ikerketa-proiektuetarako eta doktore-tesietarako programak jarriko dituzte martxan, eta epe motzera eta luzera bi erakundeen eraginkortasuna eta lehiakortasuna hobetuko dituzten baterako jarduerak egingo dira.
  • Mundu digitalean talentua kudeatzeko jarduketak eta programak martxan jartzea.

Hitzarmenak mota honetako ekintzak sustatuko ditu:

  • Talentuaren prestakuntzarako eta kudeaketarako jarduerak, esparru profesionalean nahiz unibertsitatean.
  • Ikerketa kooperatiboko proiektuen garapena, dimentsio europarreko eta Euskadiko ikerketa estrategikoko proiektuetan batez ere.
  • Baterako doktore-tesiak, EJIEko eta Mondragon Unibertsitateko langileen baterako gidaritzapean.
  • EJIEko profesionalek Mondragon Unibertsitatearen prestakuntza-jardueretan jardutea.
  • Mondragon Unibertsitateko ikasleek Master Amaierako Lanetan, Gradu Amaierako Lanetan, prestakuntza dualeko programetan edo EJIEko praktiketan parte hartzea.
  • Enpresekin baterako proiektuak martxan jartzea, ikertzeko nahiz ezagutza transferitzeko proiektuetan.
  • Zientzia eta teknologia arloko bokazioen sustapena (STEAM).

Hitzarmenarekin, EJIEk berrikuntza-proiektuak garatu nahi ditu, betiere hurrengo urteetarako zehaztu diren zerbitzu lehiakorrak eskaintzeko bere estrategia sustatzeko helburuarekin. Horretarako, EJIEk eta Mondragon Unibertsitateak plan bat egingo dute Unibertsitatearen eta Enpresaren artean talentua transferitzeko, besteak beste, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologietan, berrikuntza-proiektuen kudeaketan, eraldaketa digitalean eta berrikuntza irekiko “open innovation” plataformetan.

Mondragon Unibertsitateak eta Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkarteak (EJIE) elkarrekin lan egingo dute talentua eta informazioaren eta komunikazioaren teknologia-proiektuak garatzeko

Alex Etxeberria EJIEko zuzendaria eta Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko Errektorea. Lankidetza hitzarmenaren sinadura.