Albisteak

Lankidetza hitzarmena SENER eta MONDRAGON UNIBERTSITATEAren artean

2017/02/10

MONDRAGON UNIBERTSITATEAk eta ingeniaritzako eta eraikuntzako SENER etxeak lankidetzarako esparru hitzarmena sinatu dute gaur, ikerketako eta teknologiaren transferentziako proiektuetan, etengabeko prestakuntzan, ingeniari gazteen prestakuntzan eta talentuaren erakarpenean batera lanean aritzeko.  Hitzarmenak lau urte iraungo du, eta epealdi hori automatikoki luzatu ahalko da.

Praktikan, akordioak zera dakar: bi erakundeak batera arituko dira lanean teknologia arloko ikerkuntzan eta ezagutzaren transferentzian, SENERren jardueraren berezko teknologiak garatzeko, bai eta teknikarien, espezialisten eta SENERreko beste lanpostu batzuen etengabeko prestakuntzan ere, eta teknologia horietan espezialista diren ingeniari gazteen prestakuntzan. Azken helburu horrekin, SENERrek urrats sendoa egin du talentua erakartzeko. Horretarako, bultzada eman du MONDRAGON UNIBERTSITATEAk euren jardueran eta ezagutza-arloan espezializatutako ingeniari gazteei prestakuntza eman diezaien, gazte horiek enpresaren harrobia izan ahalko baitira.

Esparru-akordioa gaur sinatu dute MONDRAGON UNIBERTSITATEko errektore Vicente Atxak eta SENERreko zuzendari nagusi Jorge Undak, unibertsitateak Bilbon dituen instalazioetan, zehazki Bilbao Berrikuntza Faktorian, unibertsitateak Bilbon ikasketarako, berrikuntzarako eta ekintzailetarako duen ekosisteman. MONDRAGON UNIBERTSITATEko errektore Vicente Atxak horri buruz dioenez, “ikerketa, transferentzia eta prestakuntza batzea enpresekin elkarlanean aritzeko modu naturala da, eta akordio honi esker, MONDRAGON UNIBERTSITATEko eta SENERreko ikasleek gaurtik aurrera tresna hobea izango dute lehiakorragoak izateko eta profesionalik onenak eskura izateko.

Jorge Undak, bere aldetik, zera nabarmentzen du: “guretzako guztiz harro egoteko modukoa da hain helburu zabalak dituen akordio hau sinatzea MONDRAGON UNIBERTSITATEArekin. SENERren beharrizana da berarekin lotutako pertsonek prestakuntzako eta lanbide-gaitasuneko maila handi-handiak izatea. Badakigu hori oinarria dela ideia berritzaileak sortzeko, non eta munduan lehiatzeko abantaila nagusia teknologia arloan besteengandik bereiztea den enpresa batean.  

Akordioa, hain zuzen ere, Euskadin lehiakortasuna finkatzeko aukera gisa sortzen da. Horri dagokionez, Vicente Atxak zera azaldu du: “MONDRAGON UNIBERTSITATEAk enpresa darama bere ADNan, eta horregatik bere jarduera guztiak enpresen beharrizanekin lerrokatzen ditu. Unibertsitateak eragile aktiboa izan nahi du Euskadiren lehiakortasuna hobetzeko, eta horretarako modurik onena onenekin elkarlanean aritzea da; hori da hain zuzen ere SENERren kasua, erreferentziako ingeniaritza Euskadin eta Estatuan.

SENERren zuzendari nagusiak zera ere dio: “SENERren iritziz, elkarlan hori aukera eztabaidaezina da berez daukan talentu naturala indartzeko, bizigarria ekartzeko, eta azken batean, pertsona askoren lanbide-karrera aberasteko. Beraz, aukera paregabea da gure gizartea hobetze aldera benetako baterako ekarpena egiteko”.

Hitzarmenak aurreikusten dituen jarduera espezifikoak egiteko (ikerketa, teknologiaren garapena, etengabeko prestakuntza eta talentuaren kudeaketa), esparru-hitzarmena lankidetza-akordio partzialekin osatzen da. Akordio horietako bakoitzari esker, Goi-mailako Eskola Politeknikoarekin Ikerketarako eta Ezagutzaren Transferentziarako Programa abian jarri ahalko da. Hala, ikerketa-talde bati prestakuntza eman ahalko zaio, hark SENERrentzat etorkizunean ikertzaileei gaitasuna eman diezaien zientzia eta teknologiako ikerketaren eremuan. Bigarren akordioa gauzatzeko, etengabeko prestakuntzarako akordioa sinatuko da, SENERreko profesionalak xede direla. Akordio horretan Goi-mailako Eskola Politeknikoak eta unibertsitateko Enpresa Zientzien Fakultateak parte hartuko dute.

Gaur sinatu den akordioaren jatorrian SENERren eta MONDRAGON UNIBERTSITATEko Goi-mailako Eskola Politeknikoaren artean duela zazpi urte baino gehiagotik sinatu diren ikerkuntza-proiektuak daude. Denbora horretan, bi erakundeek I + G proiektuak eta doktorego-tesiak egin dituzte SENERren berezko jardueren inguruan, besteak beste honako hauek: sistema aeroespazialetan mantentze-lan prediktiboa egiteko teknika berriak, tentsioen eta tenperaturen aurka erresistentzia handia duten aleazioetarako deformazio-prozesuen bidezko fabrikazio-teknologiak garatzea eta aplikazio espazialetarako makina elektrikoak diseinatzea.

Lankidetza hitzarmena SENER eta MONDRAGON UNIBERTSITATEAren artean