HUHEZI: Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea
Abiatu da Ikus-entzunezko Komunikazioa karrera berria
Ikasturtearekin batera, Ikus-entzunezko Komunikazioa ere abiatu da, eta berau egitera etorritako ikasleak itxaropenez eta ilusioz beterik etorri dira. Hasteko, 38 ikasle, komunikatzaile izenarekin eta izanarekin irten nahi dutenak fakultatetik.
HUHEZI arreta handiz ari da prestatzen ikasketa hauek. Informazio eta Komunikazio departamendua sortu du, bertatik hornitzeko karrera berriaren premiak, ikerkuntza, eta azpiegitura, besteak beste. Irakasle aditu talde bat ere antolatu du eskolak emateko. Aitor Zuberogoitia izan da azkena iristen. Aitor doktorea da, eta esperientzia luzea izan du hainbat hedabidetan.
Nola ikasketa hauek oso teknikoak izango diren, gela berezi bat prestatzen ari da, bertan ikasleek praktikak egin ditzaten. Gela horrek irrati bat izango du, control gela bat, lau edizio gela bideoa editatzeko, eta bost ordenagailu ikasleek autoedizioa lan dezaten. Dena berri-berria, eta azken orduko softwarearekin.
Horrekin batera, IKO karrerako hainbat irakasle, horrela laburtzen baita Ikus-entzunezko Komunikazioa, hasi dira Euskal Herriko hainbat hedabide, produkzio etxe eta enpresa bisitatzen, hiru helbururekin: alde batetik, azaltzea profesionalei karrera berriaren nondik-norakoak; bigarrenik, entzutea merkatuak nolako profesionalak nahi dituen gure fakultateak sortzea; eta hiruga-rrenik, aztertzea zer aukera dauden elkarlanerako.
Karrera berriak landuko du komunikazioaren ikuspegi integral bat, ikasketak ez baitira mugatuko hedabideetara; aitzitik, enpresak eta erakundeak ere oso kontuan hartuko ditu.
Eta hor arreta berezia eskainiko zaizkie praktikei eta proiektuei, horiek ere enpresetan, erakundeetan eta hedabideetan egingo baitituzte, esperientzia hartze aldera.
HUHEZIk on line ere prestatuko ditu administrazioko langileak
Orain arte eskola presentzialak bakarrik ematen zizkieten HUHEZIko irakasleek euskal administrazioko langileei, horiek 4. hizkuntza eskakizuna lor zezaten. Aurrerantzean, berriz, IVAPeko ikasleek aukera izango dute on line ikasteko, Internet erabilita. HUHEZIko bi irakasle arduratuko dira on line ikastaroaz. Beste zortzi, berriz, arituko dira eskola presentzialak ematen Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Gernikan.
Irakasletzako ikasleek proiektua landuko dituzte lehenengoz
Mendeberri proiektuari jarraiki, Irakasletzako ikasleak lehen mailan arazo bidez ikasten dute, 2. mailan kasuetan oinarritzen dira, eta 3. mailan proiektuak izango dituzte oinarri. Helburua da ikasleak ikerkuntzara ohitzea. Ikasleek hiruko taldeak egingo dituzte proiektuak lantzeko, guztira 30 bat, ikastetxeen premietara moldatuak. Ekainean egingo dituzte proiektuon defentsa, tutoreen eta beste ikasleen aurrean.
