Muniversitas

Editoriala

ETORKIZUNEKO APUSTUA

Helburua baino, bokazioa izan da enpresa arloa Mondragon Unibertsitatearentzat, jomuga garrantzitsua bere ibilbidean. Enpresa harremanik gabe ez dago ulertzerik gure unibertsitatea. Eskola Politeknikoak lehenengo eta MUk gero, Etengabeko Hezkuntzaren alde lan egin dute sortu zirenetik, profesionalen beharrei egokituz, heziketa berezi horri lan eskerga eskainiz eta Etengabeko Hezkuntzaren lekukoa gertuko gizarteari luzatuz. Urteetako lanak, gainera, erantzun bikaina izan du. Datu hotzei erreparatzen badiegu ere, epeltasuna baino berotasuna sumatuko dugu erantzun horretan. Urtero 3.500 profesional baino gehiago igarotzen dira MUk Etengabeko Hezkuntzaren eta Lanbide Heziketaren baitan eskaintzen dituen graduondo, ikasturte eta moduluetatik. Eskola orduak, berriz, 20.000 baino gehiago dira urtero eta, aktibitate honek ez du etenik. Etengabeko berrikuntza prozesuan, inguruarekin elkarlanean eta enpresen beharrei erantzuteko bokazioarekin, Mondragon Unibertsitateak urtero berrikusten du eskaintza, berau eguneratuz, eduki berriak sortuz, enpresa zein profesionalek behar dituzten edukietara egokituz eta teknologia berriei ateak irekiz. Hori guztia gertutasunetik abiatuta, on line eskaintza eginez eta Mondragoetik, Oñatitik, Eskoriatzatik eta Irunetik, Gasteizera, Bilbora eta Donostiara gerturatuz. Aliantzak eta hitzarmenak sinatuz, hiru hiriburuetako Merkataritza ganberekin, SPRI erakundearekin eta beste zenbait instituziorekin. Oinarri sendoak ditu Etengabeko Hezkuntzak gurean, iraganean helburu bat zen, gaur egun errealitate bat da, eta etorkizunean MU+ Professional Learning Space deituko diogu. Egitasmo berria aurkeztu du Mondragon Unibertsitateak, 25 urtetik gorako profesionalentzat aproposa eta egokia. Gaur egungo gizartera egokitutako eskaintza, malgua izango dena eta hezkuntza eskaintza berria Euskal Herriko txoko askotara gerturatuko duena. Hiru ezaugarri izango ditu MU+ egitasmoak: berritzailea, eraldatzailea eta praktikoa. Apustuak enpresa kolaboratzaileen, ikasleen, profesionalen eta erakundeen txaloa jaso du,  ta irailetik aurrera zortzi master eta gradu bat jarriko dira abian; hiru HUHEZIN, bi Enpresagintzan eta hiru Goi Eskola Politeknikoan. Guztiok gonbidatuta zaudete gure eskaintzan parte hartzera.