Muniversitas4

Iritzia.Nekane Arratibel

Partaidetza eta elkarlanerako ilusioa nahiko nuke sustatu lankideengan

nekane arratibel

Ilusioz eta errespetu handiz hartzen dudan erronka da niretzat Mondragón Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultateko (HUHEZI) dekano izatea. Erronka hau bi mailatan bereizten dut nik: maila profesionalean eta maila pertsonalean.

Erronka profesionalari dagokionez, datozen urteotan arlo akademikoan aldaketa dezenteak espero dira unibertsitatean Goi Hezkuntza Eremu Europarraren markoan.

Besteak beste, titulazio mapa berriak sartuko dira indarrean, ikasle eta irakasleen mugikortasuna areagotu nahi da, ikasle eta irakaslearen rol aldaketa ekarriko dute berrikuntza pedagogikoek eta abar, eta abar; eta guzti horri modu egokian erantzuteko prest egon behar dugu. Hainbat arlotan pausu garrantzitsuak eman ditugula ezin da ukatu, Mendeberri hezkuntza proiektua da horren adibide, baina egiteko asko dago oraindik.

Ikerketa arloa ere indartu eta bultzatzeko beharra dugu fakultatean. Ikerketa tradizio txikia izan dugu orain arte eta doktore eta ikertzaile kopurua handituz joan behar dugu. Fakultatearen garapena irakaskuntza-ikerketa binomioaren baitan ikusten dut nik, ikertu gure ezagutzak garatzen joateko joateko eta gure ikasleen formazioan eta bide batez gure gizartean eragiteko. Arrazoi honegatik ikerketa indartu eta integratu behar dugu gure eguneroko jardunean.

Urte gutxitan aldaketa handiak izan dira HUHEZIn (lizentziatura eta master berriak martxan jarri, eelearning modalitateko ikasketak…) eta langile guztion ekimenari esker egoera berrietara egokitzen jakin dugu. Hau guztiau ez litzateke posible izango guztion partaidetza eta inplikaziorik gabe, eta horixe nahiago nuke lankideengan sustatu, partaidetza eta elkarlanerako ilusioa. HUHEZI eta bere proiektua aurrera eramatea guztion egitekoa da.

Erronka pertsonalari dagokionez, ilusioz eta errespetuz hartzen dudan erronka dela azpimarratu dut hasieran. Errespetuz ardura handiko erabakiak hartu beharko ditudalako, zalantzaz beterikoak askotan, ondo egiten ari ote naizen galdezka neure buruari, kezka eta urduritasuna lagun, etxekoekin nahiko nukeena baina denbora gutxiago pasatuz…

Baina baita ilusioz ere, erronka berri baten aurrean gauzak ahalik eta hobekien egiten saiatuz, lankideek adierazi didaten babesa sentituz, norbera eta ingurukoengandik ikasiz, lankideen eta norberaren ametsak errealitate bihurtzeko bideak urratuz, eta eguneroko aldaketa txikiak lorpen handi modura biziz.

Nekane Arratibel

HUHEZIko dekanoa

Volver al indice