Muniversitas4

HUHEZI: Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea


Lanki institutuak lagundu egin du MCC-k egindako gogoetan

MCC-K Gogoeta sakona egin du kooperatiba esperientziaren zentzuari buruz, eta hor lanki ikertegiaren laguntza teknikoa izan du. Lan handia izan da, aurrekaririk gabea: 134 bilera egin dira, hiruna ordukoak, eta bertan 1.373 lagunek hartu dute parte.

“Esperientziaren zentzuari buruzko gogoeta prozesua”, horrela deitu zaio MCCko kooperatiba guztiek egindako hausnarketari. 2003an egindako kongresuan kezka moduko bat geratu zen, norantz doazen Euskal Herriko kooperatibak, proiektu sozial direnez gero. Kezka horren ondorioz, gogoeta egin beharra erabaki zen, hiru arlo aztertzeko:

  • prestakuntza kooperatiboa parte hartzea
  • konpromiso soziala
  • gizarte eraldaketa

Gogoeta zirriborratzeko eta berau gauzatzeko, MCCko Batzorde Iraunkorrak Lanki ikertegiaren laguntza izan du hasieratik, Lankik berak eraman baitu gogoetaren gidaritza teknikoa. Bilerak prestatu ditu, eztabaidak antolatu, agiriak jaso, ekarpenen laburpena egin, ondorioak atera eta azken txostena idatzi. Lan eskerga, gogoan izanda zenbat bilera egin diren eta zenbat jendek esku hartu duen beraietan.

Urtebete eta erdiko lana izan da, eta aldi horretan MCCko kooperatiben organo guztietan egin dira bilerak: zuzendaritza kontseiluetan, errektore kontseiluetan eta kontseilu sozialetan. Gogoeta aldiaren ondorioak eta azken txostena udaberrian aurkeztu ziren. “Orain aro berri bat zabaldu behar da”, dio Jon Sarasua Lankiko zuzendariak, “eta perspektibak oso dira interesgarriak prestakuntza kooperatiboari dagokionez”. Izan ere, 2007ko kongresurako ponentzia bat sortuko da, gogoetaren emaitzetan oinarrituta.

Reflexión a fondo

MCC ha llevado a cabo un proceso de reflexión sin precedentes sobre su personalidad cooperativa, y para ello ha contado con la colaboración del instituto Lanki.

Komunikazioko ikasleak aurten hasiko dira, lehen aldiz, bigarren zikloan

Guztira 38 ikasle hasiko dira 2. zikloa ikasten Komunikazioan. Horietatik gehienak HUHEZItik datoz, Informazioa eta Komunikazioa ikastetik. Gainerako hamaikak kanpotik etorri dira: zortzi 3. mailara, Ikus-entzunezko Komunikazioa ikastera. Beste batek ikasiko du Informazioa eta Komunikazioa Giza Zientzietan. Geratzen diren biek, ostera, kreditu osagarriak egingo dituzte, hirugarren mailari ekin aurretik.

Huhezik eta eiziek topaketak antolatu euskarazko bikoizketaren gainean

Azaroaren 23an egun bateko topaketa izango da Eskoriatzan, euskarazko bikoizketan diharduten profesionalen artekoa. Irekia izango da eta bertan aztertuko dira euskarazko bikoizketaren ezaugarriak eta berezitasunak. Hizlariak ere profesionalak izango dira: Asier Larrinaga (ETB), Jesus Eguzkitza (Mixer-Edertrak), Iñaki Zubizarreta (Mixer-Irusoin), Marian Galarraga (Tinko) eta Josu Varela (K2000).

Volver al indice