Muniversitas4

Editorial

Aro berria

Esan liteke aro berri baten atarian gaudela Mondragon Unibertsitatean. Epe oso laburrean aldatu egingo dira unibertsitateko arduradunak. Enpresa Zientzien Fakultatean eta HUHEZIn dekano berriak dituzte, eta azaroan Mondragón Unibertsitateak berak izango du errektore berria. Unibertsitatea, beraz, odol berritzen ari da. Dena beharko da, aurre egiteko gaitera datozkigun erronkei.

Inaxio Oliverik dioen bezala bertako elkarrizketan, M.U.k bete du bide bat, eta tarte horretan sendotu egin ditu zenbait arlo, esate baterako gure ikasle ohien lanbide tasa, Egailanen azken emaitzek azaltzen duten legez. Egindako bidean lokartu barik baina, Mondragón Unibertsitateak gogor dihardu beste arlo batzuetan. Horietako bat da euskara. Gure jendeak eskatuta, euskara plan bat abiatu dugu hiru fakultateetan, langileok euskara gehiago egin dezagun, ahaztu gabe hemen euskarak bidelagun izango dituela gaztelania eta ingelesa.

Graduatuondoko eskaintza ere zabaltzen dihardugu. Lan horren berri helarazi nahi diegu enpresei eta ikastetxeei. Hori dela eta, bi buletin elektroniko sortuko ditugu, posta elektroniko bidez zabaltzeko. Ahalegin berezia egiten ari gara gure unibertsitatea nazioartera irekitzeko. Horrek esan nahi du gero eta hitzarmen gehiago egiten ari garela nazioarteko unibertsitateekin, eta parte hartzen ari garela nazioarteko hezkuntza sareetan.

Gure irakasleak eta ikasleak hasi dira irteten kanpora, guretzat atzerria ez baita erbeste; atzerria da nazioartea, jakituria eta prestakuntza. Doktore tesiak ere gero eta gehiago dira hemen eginak. Alor horretan eginahal berezia egiten ari da Mondragón Unibertsitatea. Hitz batean esateko, konpromiso handia, lan gogorra eta proiektu ugari.

Horrek guztiak erakargarri egiten du Mondragon Unibertsitatea jende askoren begietan. Horregatik, gero eta bisita gehiago ditugu hiru fakultateetan mundu zabaletik etorriak. Politikariak, ekonomistak, irakasleak, ikertzaileak, ikasleak, enpresariak, sindikalistak…era guztietako jendea etortzen da gurera, unibertsitate kooperatiboa gertutik ezagutzera.

Aro berri baten atarian gaude, bai. Joan doazenei gure eskerrik bihozkorrena adakigulako zelako lana egin duten, eta etorri datozenei adorea eta kemena.

“Gero eta bisita gehiago ditugu Mondragon Unibertsitatearen hiru fakultateetan mundu zabaletik etorriak: politikariak, ekonomistak, irakasleak, ikertzaileak, ikasleak, enpresariak, sindikalistak…”

Volver al indice