Jakingarriak aldizkariak kulturartekotasuna du aztergai
Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Dokumentazio Zentroak "Jakingarriak" aldizkariaren azken alea kaleratu du, 58.a, ikasturte honi dagokion hirugarrena.
Aurrekoak bezala, EAEko ikastetxe guztietan banatuko da, eta Nafarroako eta Iparraldeko ikastoletan. 1.200 ale guztira.
Kulturartekotasuna eskolan
Ale honen gai nagusia da Kulturartekotasuna Eskolan, eta Amelia Barquin irakasleak koordinatu du. Sei artikuluk lantzen dute gai hori.
Euskal gizartera estatu espainiarraren kanpotik iritsitako etorkinen kopuruak gora egin du nabarmen azken urteotan, eta euskal eskola konturatzen hasi da ez dagoela begiak ixterik gertakari horren aurrean.
- "Kultur aniztasuna hementxe dago", dio Amelia Barquin irakasleak, "eta ezinbestekoa da eskuhartzea, baldin eta hori kulturartekotasun bihurtzea nahi baldin badugu, eta etorri berriak euskal herritar nahi baldin baditugu, aukera eta eskubide guztiekin".
- Elizabeth Coelhok hainbat estrategia azaltzen ditu etorri berrientzat ingurune adeitsua sortzeko kultur aniztasunean.
- Tusta Aguilarrek eta Mariana Ruiz de Loberak idatzitako artikuluan ez da falta gogoetarik etorkinak nola tratatu.
- Beste artikulu batean, Amelia Barquinek berak, Julia Barnesek eta Karmele Perezek elkarbizitza eta gatazka aztertzen dute, kasu bat azaltzearekin batera.
- Amelia Barquinek, bestetik, aztertzen ditu giltzarriak etorkinen seme-alaben integraziorako. Gai korapilatsua da hau, eta horrela azaltzen dute beste artikulu batean Jon Lopez Armendarizek eta Joseba Ibarrak.
Betiko moduan, Jakingarriak aldizkariaren ale honek ere liburu berrien berri ematen du, hainbat artikulu aipagarri dakartza, eta zenbait aipu jasotzen du, irakaskuntzaren ingurukoak gehienak.