Iosu Zabala doktoreak hartu du Mondragon Unibertsitateko Errektore kargua
- Iosu Zabala Errektore izendatzea aho batez onartu zuen Unibertsitateko kontseilu errektoreak joan zen maiatzean.
- Orain, datorren otsailera arte iraungo duen errektore berriaren eta lehengoaren arteko bizikidetza-aldia hasiko da, orduan erretiratuko baita Inaxio Oliveri egungo errektorea
- Kooperatiben mundua, ikerketaren esparrua eta Mondragon Unibertsitateko ezagutzaren oinarrizko bi arlo, hain zuzen ere teknologia eta enpresa-kudeaketa arloak hain ondo ezagutzea faktore erabakigarriak izan dira Mondragon Unibertsitateko errektore berria izendatzeko orduan
Iosu Zabala Iturralde doktoreak gaur hartuko du Mondragon Unibertsitateko Errektore kargua. Orain arte Fagor Etxetresna Elektrikoak kooperatibako negozio-kudeatzaile izan denaren izendapena unibertsitateko kontseilu errektoreak onartu zuen aho batez joan zen maiatzean.
Orain, datorren otsailera arte iraungo duen errektore berriaren eta lehengoaren arteko bizikidetza-aldia hasiko da, orduan erretiratuko baita Inaxio Oliveri egungo errektorea.
Kooperatiben mundua, ikerketaren esparrua eta Mondragon Unibertsitateko ezagutzaren oinarrizko bi arlo, hain zuzen ere teknologia eta enpresa-kudeaketa arloak hain ondo ezagutzea faktore erabakigarriak izan dira Iosu Zabala izendatzeko orduan.
Curriculuma
53 urte, ezkondua eta 3 alabaren aita. Iosu Zabalak Ingeniaritza Teknikoa ikasi zuen Donostiako EUITn. Gero, Toulouseko Paul Sabatier unibertsitatean jarraitu zuen ikasten. Elektronika, Elektroteknia eta Automatikako Maitrise titulua eta Diplôme d’ Etudes Approfondies lortu zituen han. Elektronika, Elektroteknia eta Automatikako Doktore titulua ere lortu zuen unibertsitate berean eta Industri Ingeniari eta Doktore tituluak baliozkotu zituen estatuan.
Lanbideari dagokionez, oso lotura estua izan du kooperatiba-munduarekin teknologia, ikerketa eta kudeaketa esparruetan. Robotika Saileko buru (1978-85) eta Diseinuko eta Produkzioko Teknologien Dibisioko Zuzendari (1986-99) izan zen Ikerlan teknologia-zentroan. Geroztik, Fagor Etxetresna Elektrikoak kooperatibako Negozio-kudeatzaile izan da. Mondragon Unibertsitateko Ikasketa Batzordeko kide ere izan da.