"Tailerreko Eskuliburu Teknikoa" liburuaren 2. edizioa
Jesús María Astigarraga Danobat-eko presidenteak eta Iosu Zabala Mondragón Unibertsitateko errektoreak “Tailerreko Eskuliburu Teknikoa” aurkeztu dute gaur. Euskaraz soilik idatzita dagoen eskuliburu tekniko hau Makina-Erremintako sektoreko langileei zuzenduta dago.
Duela bost urte, Danobat kooperatibaren sorreraren 50. Urtea zela eta, liburu honen lehenengo edizioa argitaratu zen. Hainbat bazkideren esperientzia eta lankidetzarekin kontatu zen orduan. Ekimen horrek arrakasta handia izan zuenez, bigarren edizio hau hobetuta eta eguneratuta dago Mondragon Unibertsitatearen lankidetzarekin.
Eskuliburuaren edukia
Liburua tailerretan, eta zehatzago Makina-Erremintaren sektorean, aritzen direnei zuzenduta dago (adibidez, muntatzaileak, diseinatzaileak eta mekanikoak) baita alor horretan lan egin nahi duten egungo unibertsitateko edota lanbide heziketako ikasle direnei ere.
Eskuliburuak, alde batetik, diseinatzaileentzat oso erabilgarria den informazioa jasotzen du (oinarrizko kalkulua, trigonometria, materialen ezaugarriak, transmisioen kalkulua, ergonomia, etab) eta bestetik, muntatzaile eta mekanizatzaileentzat baliagarriak diren hainbat taula (hari ezberdinen neurriak, errakore mota ezberdinak, unitate aldaketak eta makinen osagai ezberdinak eta plakatxo, harri edota zerrei buruzko datuak ere). Horrez gain, eskuliburuak elektrizitatea eta elektronikako oinarrizko formulario bat eta hiztegi txiki bat jasotzen du.
Argitaratutako 1500 aleak langile, bezero eta hornitzaileen artean banatuko dira. Era berean, Mondragon Unibertsitateak eskuliburua bere prestakuntza zentroetan banatuko du interesa duen ikasleen artean. Liburua abenduaren 4tik 8ra ospatuko den Durangoko Liburu Azokan salgai egongo da Mondragon Unibertsitateko standean.
Liburuaren kontsulta errazteko asmotan, formatu digitalean aurki daiteke Danobat eta Mondragon Unibertsitateek dituzten web guneetan. Ondoko helbideetan:
www.danobat.com
www.mondragon.edu
ZIP formatuan nahi baduzu egin klik hemen
PDF formatuan nahi baduzu egin klik hemen