Ameriketako indigenen ordezkari talde bat Euskal Herrian da
Urriaren 13an hasita, Ameriketako eta Magrebeko hainbat herri indigenatako ordezkariak Euskal Herrian izango dira da, Garabide Kultur Elkarteak antolatutako Hizkuntza eta Herrien Arteko Bigarren Truke Programan.
Datozen ordezkarien artean, maiak izango ditugu, kitxuak, kaiawallak, aimarak, maputxeak guaraniak eta amazighak. Gehienak Hego Ameriketatik datoz, zehazki Guatemala, Ekuador, Bolivia, Txile eta Paraguaitik. Baita Magrebetik ere.
Urriaren 13an hasi eta azaroaren 7a bitarte, oso programa zabala antolatu du Garabide elkarteak. Ekitaldi gehienak Mondragon Unibertsitatean egingo dira, Huhezi fakultatean, Eskoriatzan, baina lau aste horietan hogeitaka bisita aurreikusi dira, tartean Oñatira, Azkoitia, Beasainera eta Eskoriatzara, denak ere Garabide elkarteko laguntzaileak.
Euskalgintzaren esperientzia transmititzen
Truke programa honen helburua da euskara eta euskal kulturaren garapenaren esperientziak erakustea garapen bidean dauden herrietako hizkuntza komunitate minorizatuetako ordezkariei. Eurek ere izan dezaten non begiratu eta non ikasi beren identitateari eutsi eta hizkuntzak normalizatzeko.
Baita alderantzizko bidea ere, alegia, ezagutzea herri indigenetako ordezkarien esperientzia. Beren errealitatearen berri izan nahi du Garabidek, eta herri horien ekarpen eta hizkuntza errealitateak ezagutarazi euskalgintzako eragileei, protagonisten eskutik beretik.
Hilabete horretan formazio saioak emango zaizkie bisitariei; bisitatu egingo dira hainbat elkarte, erakunde, udal, eskola eta komunikabide; antolatuko zaizkie hitzaldiak, mahai inguruak eta testigantzak euskalgintzan lan handia egin duten pertsonekin. Horrekin guztiarekin batera, jai giroko ekitaldi andana ere antolatu zaie, Euskal Herria hobeto ezagutu dezaten.