Iritzia
TITULAZIO BERRIEN EBALUAKETA ETA BESTE ZENBAIT HAUSNARKETA
Estatu espainiarreko Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak unibertsitate mailako ikasketak ordenatu nahi dituen 1393/2007 Errege Dekretua argitaratu zuen 2007ko urriaren 29an. Dekretu horren helburua da unibertsitate mailako irakaskuntza ofizialen egitura arautzea, Estatuko unibertsitateak Ikerketaren eta Goi Mailako Hezkuntzaren Europako Esparrura egokitzeko.
Errege Dekretu horrek bultzatuta, Estatu espainiarreko unibertsitate eta elkarte autonomo ia gehienak unibertsitate mailako ikasketa ofizialen egitura eta antolaketa berrikusten ari dira, hain zuzen ere, unibertsitateen jarduera Goi Mailako Hezkuntzaren Europako Esparrura egokitzeko.
Euskal Unibertsitate Sistema osatzen duten hiru unibertsitateak ere aspalditik dabiltza etorkizunean aurkeztuko dituzten titulazio ofizial berrien inguruan gogoeta sakona egiten. EHUk, Deustuko Unibertsitateak eta MUk pauso asko eman dituzte Europara egokitzeko.
Testuinguru honetan, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailak Euskal Unibertsitate Sisteman nahiko lukeen titulazio mapari buruzko gogoeta egin du, eta ikasketa berriek izan beharko lituzketen berezitasunak zehaztu ditu, EAEan titulazioen mapa orekatua eta ondo egituratua lortzeko. Gobernuaren helburua da, ahal den neurrian, unibertsitateek honako irizpide hauek jarraitzea ikasketa berriak proposatzerakoan:
- EHU Sisteman lehendik dagoen eskaintza kontuan hartzea, ikasketak ez errepikatzeko.
- Ikasleen eta gizartearen eskariaren araberako ikasketak bultzatzea.
- EAEko lan merkatuaren eta egitura ekonomikoaren berezitasunak kontuan hartzea.
- Proposatzen diren ikasketak unibertsitateek dituzten baliabideen araberakoak izatea.
- Euskara bultzatzea.
- Hirugarren hizkuntza bat eskaintzea.
- Praktiken sistema egoki bat aurreikustea.
- Kalitatea bermatuko duten mekanismoak zehaztea.
1393/2007 Errege Dekretuaren arabera, elkarte autonomoek eman behar diote oniritzia unibertsitateek aurkezten dituzten titulazio proposamenei, baina aurretik egin behar den egiaztapena ANECA-ren eskumena da, hau da, Kalitatearen eta Akreditazioaren Ebaluaketaren Agentzia Nazionalarena. Horrek esan nahi du hainbeste lan egin duten agentzia autonomikoek ez dutela zer esanik pausu honetan. Alegia, ANECAk emango du aurkez ten diren ikasketen aldeko edo aurkako iritzia.
Uniqual EHU Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia, 2006. urtean sortu zen, eta bere zeregina da EHU Sistemaren kalitatea hobetzea, Goi Mailako Hezkuntzarako EuropakoEsparruan erreferentea izateko. Beste zeregin askoren artean, Uniqualen lana da unibertsitate mailako ikasketen kalitatea ebaluatzea, egiaztatzea eta ziurtatzea.
Kontuan hartuta unibertsitateko ikasketek gizarteen egoera sozialean, kulturalean eta ekonomikoan duten eragina, sailaren asmoa da Uniqualei titulazioak ebaluatzeko aukera ematea, azken oniritzia eman aurretik. Hau da, ANECAk egin dezakeen egiaztatzearekin batera, UNIQUALek ere aurretik adierazi ditugun irizpideen araberako ebaluaketa egingo du, aurkezten diren titulazio berriek gure errealitate ekonomiko, kultural eta sozialera behar bezala egokitzen diren ikusteko. Gure helburua da ikasketen mapa egoki bat lortzea, gizartearen beharrak asetzeko eta etorkizunean ondo kokatzeko.