HUHEZI Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea
KULTURGINTZAKO GRADUONDOKO IKASTAROAN HIRUHILEKO EMANKORRA
“EUSKAL KULTURGINTZAREN TRANSMISIOA” GRADUONDOKO IKASTAROAK BETE DITU LEHEN HIRU HILABETEAK, ETA ONDO BETE ERE. ASTEARTERO, 60 IKASLE ARI DIRA PARTE HARTZEN IKASTARO HORRETAN.
Ikastaroaren helburua da corpus batean biltzea euskal kulturgintzari buruzko jakintza, barreiatua dagoeta, eta belaunaldi gazteei transmititzea. Horrekin batera, ikusita zelako desafioak dituen euskal kulturgintzak, asmoa da formazio multifokala eta praktikoa egitea. Hori guztia adituak (modu akademikoan) eta arituak (oso era pertsonalean) ematen ari dira, kalitate handiko saio esperimentaletan.
Hiru hilabete hauetan ikasleek hausnarketa egin dute giro akademiko serioan, eta parte hartu dute eztabaida aberatsetan. Gainera, proiektu proposamenak egin dituzte, probetxu handikoak hezkuntzan, komunikazioan eta egituragintzan. Sormen lanetan ere, benetako perlak jaso dira ikasleengandik.
Aditu hauek igaro dira lehen hiruhilekoan: Xabier Aierdi, Josu Amezaga, Amaia Antero, Iñaki Arruti, Joseba Azkarraga eta Xamar. Arituak, berriz, Andoni Egaña, Teo Etxaburu, Jose Angel Irigarai, Mariasun Landa, Benito Lertxundi, Anjel Lertxundi, Ander Manterola, Jose Manuel Odriozola, Jon Sarasua eta Josu Zabala.
AURTENGO LITERATURA ASTEA, POESIARI BURUZ
Aurten HUHEZIko Literatura Asteak hamar urte beteko ditu. Hori dela-eta, aurtengo aldia poesiaren inguruan antolatuko da.
Arantza Ozaeta asteko antolatzaileak adierazi duenez: “Aurten 30 urtetik beherako poetak gonbidatuko ditugu, poesia genero minoritarioa izanda ere, oso fruitu aberatsak ematen dituelako”.
Apirilaren 21etik 25era bitartean, beraz, poeta gazteak etorriko dira Eskoriatzara, Mondragon Unibertsitako fakultatera. Literatura Astearen formatua betikoa izango da: alde batetik, hitzaldiak izango dira; bestetik, ostera, ikuskizunen bat, literaturarekin lotuta, eta musikarekin, seguruenik.
Hamar urtean HUHEZIko Literatura Astea finkatu egin da. Aldi horretan idazle eta sortzaile famatuak etorri dira Eskoriatzara.
ETORKIZUNEKO KOMUNIKATZAILEAK AZTERGAI
Martxoaren 5ean Komunikaldiak egingo dira. Gaia izango da "Etorkizuneko komunikatzaileak" eta hizlari hauek izango dira.
Martxelo Otamendi Berria egunkariko zuzendaria; Aritz Agirre Euskadi Irratiko informatiboetako zuzendaria; Joseba Iriondo kazetaria eta freelance; Luistxo Fernandez Codesyntax enpresako proiektu arduraduna eta Izaskun Ellakuriaga Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan komunikazio arduraduna.
Mahai inguru bat ere egingo da: Itziar Mena Eiken klusterreko zuzendaria; Arri Granados K-2000ko arduraduna; Itsaso Atutxa 3-koma ekoiztetxeko zuzendariordea eta Asier Altuna zine zuzendariarekin.