M.U. Kirol Zerbitzua
KIROLA ETA IKASKETAK UZTARTZEKO AUKERA ESKAINTZEN DU M.U.KO KIROL ZERBITZUAK
UNIBERTSITATERA IRITSI ETA IKASGAI ETA KREDITUEKIN EGITEN DUGU TOPO. EGINGO DUGUNA AURREIKUSTEN AHALEGINTZEN GARA ETA GURE ARLO AKADEMIKOA NOLA LOTU PENTSATUZ PASATZEN DITUGU ORDUAK. ETA, AISIALDIAREKIN ZER EGINGO DUGU?
AISIALDIA: nork bere betebeharretatik kanpo duen denbora. Hori da aisialdiaren definizioa. Nork pentsatzen du denbora hori nola bete? Argi dago, unibertsitateko ikasleek ikasketak aurrera atera behar dituztela, baina denbora librea edo aisialdia hor dago eta probetxua atera behar zaio.
Unibertsitateko ikasleen aisialdia probetxuzkoa izaten laguntzen duen zerbitzuetariko bat da Kirol Zerbitzua, askotariko eskaintza du eta unibertsitateko bizitzan lagungarria da.
Gaur egun, Mondragon Unibertsitateak eskaintzen duen kirol zerbitzua erabiltzen da, baina, ikasle asko ez da oraindik kirol zerbitzura gerturatu. Hona hemen bertara gerturatzeko hamaika arrazoi: bizitza unibertsitarioa aberasten du, bizi kalitatea hobetzen laguntzen du, onura sozialak ditu, harremanak bultzatzen ditu, atzerriko ikasleen integrazioa errazten du, gauza berriak ezagutu eta praktikatzeko aukera paregabea da, ezagutza estraakademikoak lortzen dira, bidaiatzeko aukera ematen du, denboraren erabilera aberatsagoa eskaintzen du, kirol ohitura barneratzen du, osasuna zaintzeko irizpideak ematen ditu, kirol eta jarduera fisiko arloan laguntzak eskaintzen ditu eta etxean bertan dugun zerbitzua da.
Eta azken arrazoi hori oso garrantzitsua da. Etxean bertan kirol zerbitzua izatea oso erosoa da. Beraz, oraindik M.U.ko kirol zerbitzura gerturatu ez zaretenok, arrazoi hauek arretaz irakurri eta aprobetxa ezazue. Eta seguru beste mila arrazoi ere izango dituzuela.