EZF Enpresa Zientzien Fakultatea
IKASLEEN ATZERRIKO MUGIKORTASUNA EZF-KO ERRONKA NAGUSIA
M.U.KO ENPRESA ZIENTZIEN FAKULTATEAREN HELBURU NAGUSIA DA IKASLEEN KALITATEZKO PRESTAKUNTZA INTEGRALA. HORREN HARITIK, DATOZEN URTEOTAN FAKULTATEAREN ERRONKA IZANGO DA IKASLEEN NAZIOARTEKO MUGIKORTASUNA SUSTATZEA.
Enpresa Zientzien Fakultatea lan berezia egiten ari da atzerriko unibertsitate zein erakundeekin harremanak sendotzeko eta elkartruke programetan parte hartzeko.
Europako Batasunak sustatzen dituen programak dira ikasleen mugikortasuna antolatzeko gehien erabiltzen direnak. Eremu horretan, Europako Komisioak programa berria ezarri du ikasturte honetan: Life Long Learning Programme. Horrela, ikasleek atzerriko egonaldiak finantzatzeko laguntzak jasoko dituzte eta Eusko Jaurlaritzak ere laguntzak banatuko ditu.
Lankidetza hitzarmenei esker, egonaldiak antolatzen dira Europako hainbat herrialdetan: Alemanian (Fachhochschule Ansbach), Erresuma Batuan (University of the West of England),Txekian (Brno University), Finlandian (Turku University eta Jyvaskyla University of Applied Sciences), Danimarkan (Aalborg University) Frantzian (Groupe Esc Clermont, Graduate School Management, Université Marne la Vallée, Université Paul Sabatier-Toulouse), Italian (Universitá di Bologna), Letonian (Baltijas Starptautisk_Akad_mija) eta Polonian (Lazarski School of Commerce and Law eta Wroclaw University of Economics).
Europatik kanpo, azpimarratzekoa da azken urteotan Mexikoko Monterreyko Unibertsitateekin trebatutako harremana. Iaz, esaterako lau ikaslek egin zuten karrera amaierako proiektua Queretaro eskualdeko enpresetan, Monterreyko Unibertsitatearen tutoretzapean. Aurten Mexikoko hiru ikaslek egingo dituzte ikasketak Oñatin. Yucatáneko Unibertsitate Autonomoko bi ikaslek eta Brasileko Sao Paulo Riberao Prieto Unibertsitateko beste bik. Ahalegin horretan, EZFk hitzarmen berriak sinatu ditu Brasil, Colombia eta Kubako unibertsitate eta hezkuntza zentroekin.
Gainera, Asian, Singapurren kokatuta dagoen Calgary School of Management and Design erakundearekin lankidetza hitzarmena sinatu berri du EZFk, eta estraineko aldiz, Bristoleko University of the West of Englandeko Bussines School eta Frantziako Groupe Esc Clermont, Graduate School Management zentroak aukeratu dituzte ikasleek egonaldiak egin ahal izateko.