Editoriala
IKERKETA, KALITATEAREN OINARRI
Ikerketak, garapenak eta berrikuntzak izan behar du Mondragon Unibertsitatearen etorkizunaren oinarri eta kalitatezko hezkuntzaren euskarri nagusi. Horrela, kalitateak elikatu beharko du kalitatezko hezkuntzaren etenik gabeko bidea gure unibertsitatean.
MUniversitas aldizkariko zazpigarren zenbaki honetan zenbait iritzi jaso ditugu ikerketaren eta berrikuntzaren gainean; Iñaki García (HUHEZI), Carlos Garcia (GEP) eta Luxio Ugarte (EZF) dira gure hiru fakultateetako ikerketa arduradunak, eta haiekin jardun dugu euren departamentuetan egiten duten ikerkuntzaz.
Hirurak bat datoz esaterakoan fakultateen arteko sinergiak ezinbestekoak direla ikerketa proiektuak garatzeko eta ondo kokatzeko Europan. Oso garrantzitsua da fakultateen arteko elkarlana ikerkuntza alorrean; beste unibertsitate batzuekin proiektuak garatzea ere inportantea da. Hain justu ere, Mondragon Unibertsitatea proiektu ugaritan murgilduta dabil Euskal Herrian, Espainian eta Europan.
Goi Eskolako zuzendari nagusiari ere egin diogu elkarrizketa oraingo zenbakian. Bixente Atxak dio Goi Eskola Politeknikoaren osasun egoera oso ona dela, baina haren ustez, lan handia dago egiteko ikerketan eta berrikuntzan. Eskolaren erronka berria da ingeniariak formatzea Euskadik biziko duen bigarren transformaziorako. Ingeniari ekintzaileak eta ikertzaileak hazi nahi ditu Bixente Atxak. Sortzaile eta ikertzaile, bi ezaugarri edo baldintza ingeniari berriarentzat.
Iosu Zabala Mondragon Unibertsitateko errektoreak ere idatzi du zenbaki honetan ikerketaren gainean. Zabalak dio ikerketak hobetzen duela hezkuntzaren kalitatea eta ikasleek jasotzen duten irakaskuntza. Oro har, gure gizartearentzat onurak dakartza ikerketak. Horrexegatik guztiagatik esan daiteke Mondragon Unibertsitatearen erronka nagusietako bat dela ikerketa eta berrikuntza.
Ekitaldi ofizialak eman dio hasiera 2007-2008 ikasturteari, eta ekitaldi nagusiaren argazki bat ere ekarri nahi izan dugu orrialde hauetara. Orain ikasle zein irakasle, ikertzaile eta unibertsitateko langileen txanda da. Bakoitza bere erronkekin, noranzko bakarrean, unibertsitate-komunitatearen ordua da. Ikasturte oparoa izan dadila guztientzat.