M.U. Kirol Zerbitzua
UNIBERTSITATEEN ARTEKO V. HERRI KIROL TXAPELKETA
TRIKITIXA, IZERDIA ETA TALDEKO LANA
KIROLAK LANTZEN DITU, BAI HORIXE, KONPETENTZIA GENERIKOAK. SORTU TALDE BAT SEI NESKA ETA BESTE SEI MUTILEKIN, GELAKIDEAK, ETA ANTOLATU HAINBAT FROGA, IKUSIKO DUZU ZELAN SORTUKO ZAIEN TALDE SENTIPENA ETA GOZAMENA.
Ostiral batez abiatu ginen Donostiara; Konstituzio Plaza lasai zegoen, oraindik goizeko 09:30ak ziren. HUHEZIko bi taldek (beteranoak eta hasiberriak) hainbat froga zituzten. Euretariko batzuk aurreko ikasturteko irabazleak ziren, eta irabaztea zuten helburu, hasiberriek bezala. Sari garrantzitsua zegoen jokoan duda barik.
Elkartu, hitz egin, beste unibertsitatekoei (E.H.U,Deusto, Tecnum) erradiografia egin, antolatzaileei begiratu bat egin, deitu segapototik, arropa aldatu, berotu...
Plazan materiala aurrez aurre ikusten hasi ginen, soka lodi eta luzea, bi tamainatako harritzar borobilak, ingudea, uztaiak, galotxa jokoa… Unibertsitateen arteko V. Herri kirol txapelketa zen jokoan.
Guztira sei talde (nahiz eta hamabi izan behar zuten ), M.U.koak bi (zein zaila den partaidetza lortzea!). Zenbat sentipen kanporatu ziren plaza hartan, egun hartan, goiz hartan: urduritasuna, lotsa, harrotasuna, alaitasuna, adiskidetasuna... Zenbat ikasten den ondo bideraturiko lehiaketa batean!
HUHEZIko beteranoek hasiberrien lehia gogorra jasan zuten eta azkeneko froga iritsi arte ez zen erabaki garailea. Derby interesgarria ikusi genuen.
Herri kirol frogak izan genituen, denetarikoak: abilezia, indarra, koordinazioa, zehaztasuna, erresistentzia, lastertasuna..., eta hori guztiori trikiti eta pandero musika alaiaz atondua.
Giro paregabea, lehia paregabea, taldeko lan ezin hobea... eta azkenean, garaipena... sei mila euroko bidaia poltsikora. Bidaia horretan bizi izandakoa ere ikaskuntza ederra izango delakoan gaude.