Cambiar a contenido. Saltar a navegación

Mondragon Unibertsitatea

Secciones
sectionbanner.gif

Aldizkariak-Revistas

Iritzia

TALDEAN NAHI DITUGU PERTSONAK, PARTAIDETZAZKO SENTIMENDUAREKIN


"Urte hauetan jauzi handia egin dugu ikerketan eta irakaskuntzan, baina erronka asko ditugu oraindik"

Joan den martxoan Arrasateko Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko zuzendari izendatu ninduten. Erantzukizun eta ilusio handiko erronka da hau. Gure misioan adierazten diren helburuak lortzeko aktiborik garrantzitsuena Unibertsitateko eta Eskolako kolektiboa osatzen duten pertsonengan dagoela uste dut. Horregatik, guztiak hartzen ditugu kontuan eskola honen eta unibertsitatearen garapenerako.

1983. urtean sartu nintzen garai hartan “la profe” esaten genion eskolan ikasle. Orduko hainbat irakasle ditut gogoan, gaur egun lankide ditudanak, teknikak eta formulak baino zerbait gehiago erakusten zigutenak, hain zuzen ere, esfortzua eta lana zer garrantzitsuak diren transmititzen ziguten. Ondoren, 1993. urtean, Goi Eskola Politeknikoko elektronikako departamenduan sartu nintzen, eta orduan beste eskola bat aurkitu nuen, berria, eskolaren beraren kontzepzio berri bat definitzen hasita zegoena, eta ordurako unibertsitate bat eratzeko proiektu erreal bat zegoen.

Hamahiru urte igaro dira elektronikako departamentuan hasi nintzenetik, eta hain zuzen hil honetan betetzen da unibertsitatea eratu zeneko 10. urteurrena. Urteotan gure proiektua barrutik ezagutu ahal izan dut, eta uste dut oso jauzi kualitatibo eta kuantitatibo garrantzitsua egin dugula ikerketaren eta irakaskuntzaren arloetan. Gero eta maila zientifiko handiagoa duen ikerketa garatzen ari gara, baina enpresatik aldendu gabe, hezkuntza eredu berriak garatzen ari gara, gure ikasleak hobeto prestatu ahal izateko, eta enpresei eta oro har gizarteari gero eta zerbitzu osatuago eta integralagoa eskaintzen ari gatzaizkie. Konbentzituta nago lorpen horien oinarrian gu guztiok unibertsitate proiektu hau aurrera ateratzeko egiten ditugun ahaleginak daudela, eta beharrezkoa dela kolektibo osoa proiektuarekin motibatuta egotea eta sentsibilizatuta egotea.

Aurreko paragrafoetan aipatu dudan guztia orain arte egindakoa da, eta, etorkizunean zer? Ildo horretan, eta kontuan hartuta erantzukizunaren zati bat norberari egokitzen zaionean zalantza puntua ere sortzen dela, gustatuko litzaidake esatea heldu beharreko erronka asko daukagula, eta horien artean nik hauek ditut estrategikotzat: ikasleen eta irakasleen nazioartekotzea eta mugikortasuna, hezkuntza eredua eta titulazio berriak Europako espazioan, unibertsitateen eta enpresen arteko lankidetzarako eredu bat garatzea, nazioarteko ikerketa proiektuak, lankidetza beste ikerketa zentro batzuekin eta gure ikerketaren bikaintasun zientifikoa.