Cambiar a contenido. Saltar a navegación

Mondragon Unibertsitatea

Secciones
sectionbanner.gif

Aldizkariak-Revistas

Home Aldizkariak Revistas Muniversitas Muniversitas6 HUHEZI HUMANITATE ETA HEZKUNTZA ZIENTZIEN FAKULTATEA

HUHEZI HUMANITATE ETA HEZKUNTZA ZIENTZIEN FAKULTATEA

HUHEZIK BI IKASTARO AURKEZTU DITU, NAZIOARTEKOAK


HUHEZIK BI IKASTARO ANTOLATU DITU NAZIOARTEKOAK 2007-2008 IKASTURTERAKO. BIAK INGELESEZ EMANGO DIRA ERABAT, IKASTURTEKO LEHEN LAUHILEKOAN, ETA BERTAN PARTE HARTUKO DUTE 10 BAT IKASLEK, ERBESTETIK ETORRIAK.

Ikastaro hauek berritasun handia dakarte, orain artean Euskal Herriko unibertsitate gehienek erakartzen baitzituzten atzerriko ikasleak gaztelaniazko eta frantsesezko ikastaroak antolatuta. Bi ikastaro hauek, berriz, erabat ingelesez emango dituzte HUHEZIko irakasleek. Ikastarook antolatu dira Ipar Europako herrialdeek (Norvegiak, Danimarkak, Finlandiak eta Holandak) ezarritako ereduari jarraituz, hedapen txikiko hizkuntzak izanik, aukeratu baitute ingelesa nazioarteko ikasleak erakartzeko.

Media and Minority Languages da ikastaro baten izena, Hedabideak eta Hizkuntza Gutxituak, eta prestaturik dago komunikazioko ikasleentzat. Bertan aztertuko dira euskarazko hedabideak. Halaber, ikasleek praktikaldi bat egingo dute tokiko hedabide batean.

Education and Minority Languages da bigarrenaren izena, Hezkuntza eta Hizkuntza Gutxituak, eta bertan aztertuko da Hezkuntza testuinguru eleaniztun batean (euskara, gaztelania eta ingelesa). Hemen ere, ikasleek praktikaldi bat egingo dute haur eskoletan.

Ikastaro bakoitzak bost irakasgai izango ditu, horietatik bi komunak: Euskara eta Bertsolaritza XXI. mendean. Kasu bietan ikastaroa amaitutakoan ikasleak jasoko ditu 30 kreditu ECTS erakoak, Europak berretsitakoak.

HAMAR BAT IKASLE
Guztira hamar bat ikasle etorriko dira Eskoriatzara: 2 Estoniatik, 3 Belgikatik, 2 Holandatik eta beste 2 Turkiatik. Unibertsitateko Nazioarteko Bulegoak lagunduko die ikasle hauei etxea bilatzen.

BRASILGO MST-K ZORTZI URTEZ PRESTATUKO DU JENDEA HUHEZI-N

Mundukide elkartea, Lanki Ikertegia eta Movimento dos Trabalhadores Rurais Sin Tierra Brasilgoa (MST) ados jarri dira, eta hitzarmen bat ari dira negoziatzen, datozen zortzi urteotan MSTko jendeak prestakuntza har dezan Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean, aurten egin duten moduan.

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila prest agertu da zortzi urteko prestakuntza plana finantzatzeko.

508 IKASLE PRAKTIKAK ETA PROIEKTUAK EGITEN

2006-2007 ikasturtean HUHEZIko 229 ikasle dabiltza praktikak egiten. Beste 279, karrera amaierako proiektua. Praktika gehien Irakasle Eskolako ikasleek egiten dituzte, 131; Psikopedagogiakoek, 56; eta Giza Zientzietakoek, 42. Ikasle horietatik, bestalde, 15 Hego Ameriketara joango dira, batzuk Truke programarekin batera, elkartasun proiektuak aprobetxatuta. Beste 17, Europako hainbat unibertsitatetara. Eta 2 AEBetara.