Erakundeak
ALECOP: IKASTEN EDO LAN EGITEN?
ALECOP KOOP. E, MCC-KO KIDEA DA, ETA BI MUNDU OSAGARRI ERLAZIONATZEKO BISIO ETA MISIOAREKIN JAIO ZEN: IKASKETAK ETA LANA. 1966AN JAIO ZEN OFIZIALKI, LANBIDE ESKOLAREN BARRUAN (GAURKO ESKOLA POLITEKNIKOAN) ETA J.M. ARIZMENDIARRIETAK BULTZATUTA.
Orduko ikasleek sortu zuten Alecop kooperatiba (Alecop, Actividad Laboral Escolar Cooperativa izeneko akronimoa da), bi helburu nagusi zituela ikasleei eskaintzeko: ikasketen autofinantzaketa eta lan-esperientzia bereganatzeko aukera ematea.
Berrogei urte baino gehiago pasatu dira eta, beharrezko egokitzapenak egin badira ere, Alecopek hasierako misioari eusten dio: Mondragon Unibertsitateko ikasleei lanpostuak eskaintzea lan munduko esperientzia ezagutzeko, hau da, Ikasketa-Lana alternantzia bideratzeko kooperatiba izaten jarraitzen du. Sortu zenetik, ikasle asko izan dira esperientzia horri etekina atera diotenak. Horietatik asko MCCko kooperatibetan lan egiten ari dira gaur egun.
Mondragon Unibertsitatean ikasten ari den edozein ikaslek lan egin dezake Alecopen bitartez, bai Alecopen bertan edo beste kooperatiba batean (Fagor, Ulma, Auzo Lagun, etab.). Bi kasuetan, eta ikasten dagoen bitartean, ikaslea Alecopeko bazkidea da, beraz MCCko bazkidea. Kasu gehienetan, Alecopekoa lehenengo esperientzia kooperatiboa izango da beraientzat.
Alecopek aukera ematen die ikasleei teoria eta praktika lotzeko, kooperatiben mundu erreala ezagutzeko (balioak, dinamikak eta prozesuak) eta ondo kokatuta egoteko enpresa mundura salto egite aldera. Bestalde, zenbait urtetan gazteen lana eta jarrerak ikusteko aukera eskaintzen die kooperatibei, hau da, “harrobia” egiteko aukera.
Gaur egun, PICAP izeneko prozesuaren bitartez, Alecop ahalegin handiak egiten ari da ikasleen lana formazio espazioa bihurtzeko,, hain zuzen ere zeharkako konpetentziak lanpostuaren bitartez gara ditzaten: talde-lana, komunikazioa, lanaren planifikazioa, autonomia...
Bestalde, ezagutza enpresaren aktibo nagusi bihurtzen ari da eta, horren jakitun, Alecop lantzen ari da urrutiko formazioa, argi du-eta “Life-long-learning” delakoa behar-beharrezkoa izango dela ezagutzaren gizartean. Horrek eskatzen du langileak etengabe trebatzea. Artikulu honen titulura bueltatuz: Ikasten edo lan egiten? Alecopen, biak.