Cambiar a contenido. Saltar a navegación

Mondragon Unibertsitatea

Secciones
sectionbanner.gif

Aldizkariak-Revistas

Home Aldizkariak Revistas Muniversitas Muniversitas6 Elkarrizketa

Elkarrizketa

“2010ERAKO TITULAZIO GUZTIAK EGOKITU BEHAR DITUGU BOLOGNARA”


LAZKAON JAIO ZEN ORAIN 39 URTE ETA ANTZUOLAN BIZI DA SENARRA ETA SEMEAREKIN, DOKTOREA DA PSIKOLOGIAN ETA 2000. URTEAN IRITSI ZEN HUHEZI-RA. DEKANO LANEN OSAGARRI, MASTER BAT EGITEN ARI DA KUDEAKETAN.

Laster urtebete izendatu zintuztela HUHEZIko dekano.Asko aldatu da zure bizimodua harrezkero?
Bai, asko. Banekien izendapenak aldaketak ekarriko zizkidala, eta horrela izan da. Bizi naiz arrapaladan: astean egun bat eta erdi Otaloran egiten dut, MBA master bat egiten, trebatzeko erakundeak kudeatzen, beste egun erdi bat Mondragoen egiten dut, M.U.ko Zuzendaritza Taldean, eta gero hemengo lana daukat. Etxera ere berandu iristen naiz, eta horrek ematen dit tripako mina, etxekoekin denbora gutxi egiteak. Hala ere, espero dut hasierako karga hori gutxitzen joango dela eta datorren urtean hobeto ibiliko naizela.

Nahiago izan duzu lehengo Zuzendaritza Taldearekin lan egin fakultatean.
Bai. Konfiantza handia nuen talde horretan, aurretik ezagutzen nuelako. Jendeak konfiantza ematen dizunean, ez dut motiborik ikusten aldaketak egiteko. Aldaketok gutxi izan dira, eta etorri dira batez ere Giza Zientziek beste jite bat hartu dutenez, nahi genuelako sartu komunikazioko pertsona bat.

Departamentuetan,berriz,esan liteke aldaketa gehiago izan direla.
Bai. Iñaki Garciak eta biok departamentu buru ginen, baina Zuzendaritza Taldean sartu ginenean, horrek aldaketak ekarri zituen departamentuetan. Bestetik, Informazio eta Komunikazio Departamentua sortu da, oso lotuta Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasketekin. Hortaz, aldaketak etorri dira jakintza arloa zabaldu egin delako.

Unibertsitate ikasleen kopurua jaisten ari da,baina gero eta ikasle gehiago dator Irakasle Ikasketak egitera.
Bitxia dirudi, baina beste unibertsitate batzuetan ere hazten ari da ikasle kopurua Irakasle Ikasketetan. Hala ere, pentsatu nahi dut geure kasuan horrek baduela zerikusirik gure proiektu pedagogikoarekin eta eskaintzen ditugun zerbitzuekin. Gurean Haur Hezkuntza ari da hazten gainerako espezialitateen gainetik, baina lortu beharko genuke hazkunde hori zabaltzea komunikaziora, Psikopedagogiara eta graduondoko ikastaroetara. Horretan lagunduko digu 2010etik aurrera aurreikusten den ikasle gorakadak, hazkunde demografikoak eraginda.

Orain hiru urte ezarri ziren komunikazio ikasketak. Zelan doaz?
Ondo. Proiektu interesgarria da, eta oraindik garatzen ari da. Ahalegin handiak egin ditugu kontuan hartzeko merkatuak zer komunikatzaile mota behar dituen eta horren arabera moldatu dugu karrera. Kanpotik bisitan etorri zaigun jendea ere ados agertu da planteamendu horrekin. Hala ere, datorren ikasturtean irtengo da lehen promozioa, eta hor ikusiko dugu merkatua nola portatzen den guk prestatutako profesionalekin.

HUHEZI beti izan da fakultate euskalduna. Azken urteotan, ostera,gero eta gaztelania gehiago entzuten da horko ikasleen artean.
Horrela da, baina ez HUHEZIn bakarrik. Gauza bat da zenbat jendek dakien euskara eta beste bat, zenbat darabilten. Gaur egun gehiago entzuten da gaztelania, eta horrek kezka sortu du guregan. Hori dela-eta, besteak beste, sortu dugu Euskara Plana, eta horrek hainbat ekintza ekarriko ditu egoera aldatze aldera. Jakitun izan behar dugu prestatzen ari garen gazte askok haurrekin lan egingo dutela gero, eta horrek esan nahi du eredu izan behar direla. Beste horrenbeste esan daiteke komunikatzaileen gainean. Beraz, sakon eragin behar dugu alor horretan.

HUHEZI ahaleginak egiten ari da Europan txertatzeko,eta badirudi lortzen ari dela.
Bi saretan onartu gaituzte. Hezkuntza alorrean, ETEN izeneko sarean, European Teacher Education Network delakoan, sare bat non elkartzen diren 52 unibertsitate mundu osokoak. Orain, berriz, sartzea eskatu dugu EJTA erakundean, European Journalism Training Association delakoan. Ikuskatzaile bat bidali digute, eta horrek txosten bat egin du, aldekoa, baina itxaron egin behar azken erabakiari. Horrezaz gain, bi ikastaro antolatu ditugu nazioartekoak, jendea etor dadin Europako beste unibertsitate batzuetatik lau hilabeteko ikastaldiak egitera.

Nazioarteratzeak berdin eragingo die ikasleei eta irakasleei?
Hori da asmoa. Irakasleon kasuan, dagoeneko egiten dira egonaldiak atzerrian, baina egonaldi horiek laburrak dira, zeren gure irakasleek gauza asko lotu behar izaten dituzte hemen: eskolak, familia… Baina gero eta gehiago irteten gara atzerrira, eta helburua dugu oraindik ere gehiago irtetea, batez ere ikerkuntza sareetan parte hartzeko.

Zer erronka ditu HUHEZIk aurrera begira?

Erronka nagusia izango da 2010erako titulazio guztiak egokitzea Bolognako hitzarmenak eratutako Europaren Hezkuntza Eremu berrira. Horrek esan nahi du birdiseinatu behar ditugula geure titulu guztiak.
Horrekin batera, baditugu beste erronka batzuk: ikerkuntza bultzatu, finantziazioa lortu, handitu ikerkuntza gure dedikazioetan eta nazioartera irten.