Cambiar a contenido. Saltar a navegación

Mondragon Unibertsitatea

Secciones
sectionbanner.gif

Aldizkariak-Revistas

Editoriala

HAMAR URTE OPARO

"M.U. beste liga batean ari da jokatzen orain, unibertsitateen ligan, eta urrats sendoak egin ditu bere lekua hartu eta Europatik datozen erronkei egokitzeko."


Mondragon Unibertsitateak hamar urte bete ditu, baina bere historia luzatu egiten da denboran, berau eratu zuten ikastetxeak aspaldi sortu baitziren: Eskola Politeknikoa 1943an, ETEO 1960an eta Irakasle Eskola 1976an. Horregatik idatzi dugu ale honen azalean: “10 urteko historia, 1943an hasi zena”.

Historia luzea du, bai, Mondragon Unibertsitateak, baina hamar urte hauek oparoak izan dira. M.U. beste liga batean ari da-eta jokatzen orain, unibertsitateen ligan, eta urrats sendoak egin ditu bere lekua hartu eta Europatik datozen erronkei egokitzeko. Horren berri erreportajean jaso dugu.

Azken aldi honetan, bestalde, dekano berriak ditugu hiru campusetan. Ale honetan horietako biren hitzak ekarri ditugu. Nekane Arratibel HUHEZIko dekanoari elkarrizketa nagusia eskaini diogu, laster urtebete egingo du-eta karguan. Bixente Atxak, ostera, denbora laburra darama Goi Eskola Politeknikoko zuzendari moduan. Horregatik eskatu diogu artikulu bat, hitz egin diezagun bere ibilbidearen gainean.

Hiru fakultateak aipatuko ditugu, lan handia egiten ari dira-eta. HUHEZIk oraintxe aurkeztu ditu bi ikastaro nazioarteko ikasleentzat. Biak ingelesez emango dira erabat, ikasturteko lehen lauhilekoan, eta bertan parte hartuko dute 10 bat ikaslek, erbestetik etorriak. Enpresa Zientzien Fakultateak, bestalde, sekulako lana egin du Zuzendaritzako Idazkaritza ikasketak birmoldatzen, oso emaitza onekin; gaur egun lan eskaintzak ugaritu egin dira ikasketa horiek egiten dituzten diplomadunentzat. Goi Eskola Politeknikoak, azkenik, aitzindaritza sendoa erakusten du zenbait ikerkuntza proiekturekin, Micromanufacturing delakoarekin adibidez, proiektu bat estrategikoa,
guretzat ez ezik, baita kanpokoentzat ere.

Baina fakultateen arteko elkarlana ere inportantea da, eta horren adibide bat da hirurak hasiko direla, modu koordinatuan, Moodle plataforma erabiltzen irakaskuntza kudeatzeko, seguruenik gaur egun munduan gehien erabiltzen den plataforma. Horretan, gainera, M.U. eskutik doa Euskal Herriko Unibertsitatea eta Deustuko Unibertsitatearekin, hirurok bultzatzen baitugu Moodle Amaitzeko, Alecop ekarri gura izan dugu orrialde hauetara, ikasleen inguruan antolatutako lan kooperatiba bat, eta seguruenik esperimenturik originaletako bat ikasleek parteka dezaten lana eta ikaskuntza. Aspaldikoa izanik, etengabe berritzen ari da.