Hezkuntza zientzien institutuan egindako ikerketa Huhezi fakultatea
El proyecto de innovación Mendeberri (2000) nació como respuesta a los requisitos de la sociedad actual, dentro del marco de transformación de Mondragon Unibertsitatea. La implementación del proyecto ha creado numerosos cambios en la comunidad educativa de la facultad de Humanidades y Ciencias de la Educación (HUHEZI), entre ellos, el nuevo perfil del docente: el profesor tutor.
Mendeberri Hezkuntza-Berrikuntzarako egitasmoa
Unibertsitate mailako hezkuntza gaur egungo gizartearen ezaugarriei egokitzeko ezinbestekoa da gizartean ematen ari diren aldaketak (informazio-gizartea, iraultza zientifiko eta teknikoa, globalizazioa, prestakuntza eta informazioa gizarte guztira helaraztea, Goi Mailako Hezkuntzaren Espazio Europarra…) aintzat hartzea. Eta horrekin batera, heziketa-prozesu berritzaileak abian jartzea. Helburu horrekin ezarri zen, heziketa-prozesu berritzaile bezala, Mendeberri proiektua Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean.
Mendeberriren ondorio zuzen dira HUHEZIren metodologian eman diren errotiko eraldaketak, hala nola:
- Ikasgaietan oinarritutako curriculumetik arazotan oinarritutako curriculumerako eraldaketa.
- Gaietara zuzendutako curriculumetik arazotara zuzendutako curriculumerako eraldaketa.
- Irakaslearen aditu roletik, aditu izateaz gain, hezitzaile eta ikertzaile izango den irakaslearen rolerako (tutorea) eraldaketa.
Erronka berriak konpetentzia berriak
Paradigma aldaketa honek erronka garrantzitsuak dakarzkio irakasleari, beharrezko izango baitzaio trebetasun eta konpetentzia berrietan formatzea eraldaketei profesionaltasunez erantzun diezaien.
Horrela, Mendeberriren barne proposatzen den profesionalaren profilak honako galderei erantzuten die:
- Zeregin profesionalak.
Zein motatako lanpostuak garatuko ditu unibertsitateko irakasleak?
- Rol profesionalak.
Zein lan mota eramaten du aurrera unibertsitateko irakasleak?
- Konpetentzia profesionalak.
Zein ezagupen eta ezaugarri izan behar ditu unibertsitateko irakasleak lan horiek aurrera ateratzeko?
Proposatzen den profil profesionalak hiru zeregin nagusi barne hartzen ditu eta, ondorioz, hiru rol:
| Formatu |
……. | ADITU |
| Hezi |
……. | HEZITZAILE |
| Ikertu |
……. | IKERTZAILE |
Aitzitik, esan behar da, hiru rol horiek osagarriak direla, bata bestea bezain garrantzitsuak direlarik kalitatezko formazioa bermatu eta unibertsitateko hezkuntzak azken helburu duen horren lorpenerako, hots, gizartearen beharrei erantzungo dieten etorkizuneko herritarren osotasunezko prestakuntza.
Irakasleak, ikaslea ezagutza arlo jakin batean formatu behar duen heinean, aditu izan beharko du. Eta, hartara, ezagutza arloa ezagutu eta ikertu dezan eskatuko zaio, ezagutza gaurkotu eta ezagutza berria sortzeko. Hein berean, hezitzaile ere izan beharko du, eta horretarako irakaste-prozesuaren ezagutza sakona izan dezan eskatuko zaio. Gainera, eta ikaste-irakaste prozesuaren kudeaketa eraginkorra izan dadin, ezinbesteko baldintza izango du komunikazio estrategien menperatzea. Azkenik, ikertzaile izan behar duela ere esan dugu, eta, horrenbestez, ikaste-irakaste prozesua ikertu beharko du, ikasleari ezagutza eraikitzen lagun diezaion.
Alabaina, funtzio edo rol horiek betetzeko zenbait konpetentzia esleitzen zaizkio profesionalari. Delors (1996)1 txostenean azaltzen den moduan, hezkuntzak lau esparru horiek kontuan izan behar dituen heinean, irakaslearen profil profesionalak ere garapen eremu horiek jaso ditzan ezinbesteko izango da, aditu izateaz gain ikasleen formatzaile eta hezitzaile ere badelako.
Ildo horretatik, osagarriak diren lau konpetentzia hauek esleitzen zaizkio proposatzen dugun profesionalaren profilari:
- Jakin (konpetentzia teknikoa).
- Egiten jakin (konpetentzia metodologikoa).
- Elkarrekin egiten jakin (konpetentzia partehartzaileak).
- Izaten jakin (konpetentzia pertsonalak).
Irakasle transmisoretik irakasle tutorera
Testuinguru honetan, beraz, ikaslearen protagonismoa sustatzen duen ikaskuntza metodologiaren eraldaketarekin bat –Arazotan, Kasutan eta Proiektutan Oinarritutako Ikaskuntza (AOI, KOI, POI hurrenez - hurren)-, irakaslearen rola ere aldaketa metodologiko horretatik sortutako hezkuntza beharretara egokitu da. Horrela, irakaslea ezagutzen transmititzaile soil bezala irudikatzen duen profil tradizionaletik, ikasleen ikaste prozesua eta beraien arteko kooperazioa sustatzea, gidatzea helburu duen tutorearen profilera pasatu da.
Hartara, proposatzen dugun profil berri honek konpetentzia garrantzitsu baten agerpena izan du ondorio zuzen, irakaslea ezagutzaren transmisorea izatetik ikaste prozesuaren dinamizatzailea izatera pasatzearekin lotutako konpetentzia, alegia.
Konpetentzia honen barne honakoak biltzen dira:
- Ikaskuntza prozesua estimulatzea (“entzute aktiborako” jarrera agertu, formalki eta informalki komunikatu, galdera irekiak egin…).
- Galderak egitea (galderen bidez lagunduko die ikasleei edozein ideia, gaizkiulertu edo ikuspuntu oker deskubritzen eta haien kabuz konpontzen).
- Informazioa ematea (taldeak ikaste prozesuan aurrera egin ezin duenean, tutoreak azalpen bat, adibide praktikoak… eman ditzake taldea berriz ere prozesuan sartu eta prozesurekin jarraitzeko).
- Behatzea (hartutako edo hartu gabeko erabakiak, erabilitako metodoa, eztabaiden kalitatea, talde kideek egindako ekarpenak eta taldearen kooperazio mailak… taldearen jarreran izan duten eragina…);.
- Feedback eraikitzaile eta erabilgarria ematea (ikaskidetzaren aspektu positibo zein negatiboen inguruan, bakarkako rolaren, gaiaren edukien edota prozesuaren aplikazioaren inguruan…)