Irakasle ikasketako 1. mailako esperientzia bat : “Ikaste-irakaste prozesua” modulua
En el curso 2003-2004, dentro del marco del proyecto de innovación Mendeberri, se implementó la metodología basada en problemas (AOI) en la titulación de Magisterio, en la facultad de Humanidades y Ciencias de la Educación (HUHEZI) de la Universidad Mondragon. Consecuencia directa de Mendeberri fue el cambio de diseño de los planes de estudios, cambio que, tomando como referente el perfil profesional, recoge las competencias y valores que deberán caracterizar a los profesionales del futuro –en base a los estudios que elijan. Maite García, tutora de HUHEZI, da testimonio de su experiencia.
AOI eredua diziplinarteko moduluetan antolatzen da, titulazioari dagozkion gaitasun eta balioen garapenari erantzuteko helburuz. Modulu bakoitzean (5-7 asteko iraupena) curriculumeko asignatura bi edo gehiagotako edukiak sartzen dira, errealitate profesionaletik ahalik eta gertueneko arazo edo egoeren arabera atontzen direnak. Arazo bakoitzak errealitateko egoera baten deskribapena biltzen du, diziplinarteko ikuspegi batetik aztertua izateko. Adieraz dezagun arazoa landuko den moduluko irakasleek moldatu dutela.
Ikaskuntza prozesua, planteatzen den arazo bakoitzean, astebetean zehar banaturiko hainbat jarduera eta eszenategi motaren arabera antolatzen da. Eszenategi hauek, kasuan kasuko moduluari dagozkion berariazko gaitasun teknikoak lantzeaz gainera, zeharkako gaitasunak (hala nola talde lana, komunikazio eraginkorra, arazoak konpontzea, lidergoa, erabakiak hartzea, ikasten ikastea, osoko ikuspena) garatzeko ere egokiak dira; izan ere, gaitasun horiek funtsezkotzat jotzen dira irakasle ikasketetako ikasleen (baita Mondragon Unibertsitateko beste zeinahi tituludunen) ikaste-irakaste prozesuan. Deskribatzen ari garen moduluan gaitasun horietako batzuk indartzearen aldeko joera hautemango du irakurleak.
Gure esperientzia
Irakasle ikasketetako lehen mailan kokatutako “Ikaste-Irakaste Prozesua” moduluaren dinamika azalduko dugu. Bi enbor-ikasgaik (“Hezkuntzaren psikologia” eta “Hezkuntza Bereziaren Oinarri Psikopedagogikoak”, bien artean 13,5 kreditu osatzen dutenak) osatzen dute modulu hau, Irakasle Ikasketetako espezialitate guztietako ikasleek burutu beharrekoak. Moduluak zazpi astebeteko iraupena du.
Modulu honen lan-ardatza ikaste- irakaste prozesua eta dibertsitaterako arreta-estrategiak dira; gure lan-filosofia, berriz, komunitateko guztiei erantzuna emango dien kalitateko eskola inklusiboa garatzea. 2005-2006 ikasturtean moduluan garatutako lanaz tutore taldeak egindako balorazioan, 2006-2007 ikastaroarekiko hobekuntza-area batzuk ikusi genituen; horietako zenbait ondoren azpimarratuko ditugu. Lan-eduki, helburu eta trebeziei dagokienez, programazioari eutsi egin zaio baina aurtengoan hainbat premia atzeman ditugu, hala nola:
a) lanari dagokionez, sistematizazio handiagoa eta hainbat zeharkako gaitasunen jarraipena (Talde Lana, Komunikazio Eraginkorra, Ikasten Ikastea bereziki ) Eremu honetan helburu bikoitza izan dugu: batetik, gaitasun hauek “aplikatu eta indartzeko” espazioak bermatzea eta, bestetik, horien garapenean egin duen lanari buruz gogoeta eginaraztea ikasleari.
b) saio praktikoetan ikasleen inplikazioa hobetzea, era horretan, jorratutako gaiekiko bere motibazio intrintsekoa ere areagotzeko.
Hainbat eratako metodologia aktiboak ager ditzaten planteatu diegu ikasleei, adibidez: eremu-lan bat (elkarrizketa bat eratzea, egitea, transkribatzea, ondorioak ateratzea…); testu zein bideo baten analisi eta sintesi lanak egitea; puzzlearen teknikaren arabera, lan kooperatiboa; txokokako lana...
Azken bi lanetan erabilitako prozedurak azpimarratzekoak dira, dibertsitateaz arduratzeko estrategia metodologikoekin loturiko moduluan landutako eduki kontzeptualen osagai ere izan baitira.
c) modulua adiera handiagoz hornitzea, bai errealitate profesionalarekin, bai karrerako curriculumarekin (osoko ikuspena) lotura handiagoa emanez.
Hainbat frontetan jardun gara:
1. Arazoak lantzea: Moduluan planteatutako arazoak simulazio gisa antzezten dira, praktikan ikasleek ezagutuko dituzten eta hezkuntza- errealitatean ohikoak diren eszenetan, hauetan zehar presente egongo diren pertsonaiekin (tutorea, PT, psikopedagogoa…). Horri esker gure ikasleen ezagutza eta aurretiazko iritziak aktibokiago sustatuko dira.
2. Lehen arazoa/astea: ikasleak modulu osoko helburuekiko motibatzea da helburua eta ikasleen eremu- lana da ardatza (hezitzaile bati elkarrizketa). Hori pizgarri bizia da, errealitatera gerturatu eta euren burua irakasle bezala imajinatzen joan daitezen.
3. Azken astea: itxierako mintzaldia. Hezkuntza inklusiboaren adibide gisa, eskola bateko ordezkariak bisitatuko gaitu, moduluan jorraturiko edukiak ikasgela eta ikastegiaren errealitatean islaturik ikusi ahal izango dituztelarik. Teoria praktika bihurtzea posible izateaz jabetuko dira.
4. Aurreko moduluarekiko lotura: aurreko moduluan talde txikian (lauzpabost ikasle) egin beharreko lana moduluan jorratutako elementuak agertuko zituzkeen eskola aurkeztea bazen, orain ikasleei eskola horretan zentraturik segi dezaten eskatuko zaie, baina hezkuntza inklusiboaren, dibertsitateari eman beharreko erantzunaren eta abarren elementuak txertatu beharko dituzte. Horrela, egungo hezkuntza-ereduaz eta berak eskolan duen proiekzioaz osotasun handiko ikuspena hartzen dute.
Gure balorazioa...
Bai irakasleon bai ikasleen balorazioaren balantzea positiboa da. Nolanahi ere, adieraz dezagun, hainbat unetan baliabideak antolatu eta koordinatzeko ahaleginak eta bi egitea ezinbestekoa gertatu dela, jakina: ez da kontu erraza “txokoz txoko” (gure kasuan, ikasgelaz ikasgela) dabiltzan 150 ikasle elkarrekin koordinatzea. Dedikazioa, imajinazioa eta ilusio handi-handia eskatu digu horrek.