Hizkuntzaz eta metodologiaz gogoeta. Euskara eta bere didaktika I
Las representaciones que pueden tener los alumnos y los docentes de una misma asignatura y clase sobre el aprendizaje /enseñanza pueden ser similares, pueden ser diversas.
Irudikapenok bizirik diraute haien jabe izan edo ez izan, eta haiek laguntzen dute jarritako ardatzaren bidean aurrera egiten; eta kontrara, irudikapen ezberdinen bateratzeak bortizki sor litzake ikaskuntza gatazkak bai haren emaitzari begira, baita ikasgelako dinamika indibidual zein sozialaren garapenari begira ere.
Egoera horren jabe eginik, 2005- 2006 ikasturtean Mondragon Unibertsitatean (HUHEZI fakultatea) egin da lehen ahalegina Irakasletza Ikasketetako 1. mailan (140 ikasle), Euskara eta bere didaktika I ikasgaiari ezarritako helburu eta prozeduren errepresentazioak plazaratu eta bateratzeak doitzen. Zertarako? Irakaslearen eta ikasleen arteko hartu-emana aberasteko, irakaste jarduerak zorrozteko eta ikaste prozesuak indartzeko. Azken batean, lanaldi horretan irakaslea eta ikasleak ikasgelan sortu, eraiki eta egiten denaren behatzaile bihur daitezen, eta hala, ikaskuntzaren gainean dugun pentsamendua piztu, hizkuntzaren ikaskuntzaz dugun errepresentazioa eraiki eta sozializatzeko.
C. Monereo adituak esana (2001; 228) gogora ekarriz, “Erregulazioa konpetentzia, ezagutza estrategiko eta transferigarria izatea nahi badugu, lagundu egin behar diegu ikasleei esperientzien gaineko kontzientzia izan dezaten. Abiapuntuan erregulazio inplizitu dena erregulazio esplizitu bihurtuko da, baldin eta ikasleak, komunikazioaren eta iritzi trukearen bitartez, horren gainean hausnartzeko aukera badu”.
Helburu didaktiko horiek bermatzeko hautatu da hizkuntzaren lanketa, iritzi trukea eta errepresentazioen eraikuntza partekatua ahalbidetzen dituen mahai-ingurua. Eta hiru urrats sendo eman dira irakaskuntza- ikaskuntzaren gaineko irudikapenak azalera daitezen: bakarkako hausnarketa; talde txikietako hausnarketak; eta bozemaile zein moderatzaile hautatuen arteko mahaiingurua.
Bakarkako hausnarketa: irakasleak eskura jarri die ikasleei ondoko item hauen baieztapen eta ezeztapen zerrenda, haiek ondotik, irakurri, ulertu eta iruzkin dezaten. Hauexek dira ikasgaiaren esperientziak aintzat hartuta, galdegin diren item nagusiak: ahozko hizkuntza; idatzizko testuak; testuak eta egitura; hizkuntza arauak; talde dinamika. Ikasle bakoitzaren lana izan da idatziok irakurri eta bakoitzari iruzkin pertsonala egitea.
Hausnarketa talde txikitan: ikasle bakoitzaren iruzkinetik abiatuz norberak berea aurkeztu eta ideiak uztartzea izan da ondorengo lana. Irakasleak taldetxoei jarritako eginkizuna, berriz, honako hau: iritziak partekatzea; ideiak lotu eta antolatzea; aldeko eta kontrako iritziak jasotzea; irtenbideak proposatzea; mahai-inguruan parte hartzeko hizkuntza baliabideak hautatzea; aurrelana gauzatzea, hots, mahai-ingurua irudikatu eta praktikan jartzea.
Mahai-ingurua: talde txiki bakoitzeko bi lagun hautatu dira mahaiinguruan parte hartzeko, baita talde osoan beste bi moderatzaile ere. Irakaslearen laguntzaz, hura aurrera eramateko estrategiak landu dituzte nola bozemaileek, hala moderatzaileek, eta behin tresna guztiak eskura dituztela, debatea bera gauzatu eta bideoz erregistratu da.
Prozesu osoan bildu dira 140 ikasleren ageriko ebidentziak: guztien testu iruzkinak, talde txikietan ateratako idatziak, debaterako prestatu diren mapa kontzeptualak, azken produktuaren bideo grabazioa, etab. Esperientzien gaineko kontzientzia piztu da bai prozesuan zehar, bai gisa horretako corpusa eskuartean izaki behaketa gauzatuz.
Ondorioztatu dugu, orobat, ikasleek ikasgai honen gainean orokortzeak egiten dituztela aurrez hizkuntzaren ikaskuntzaz duten irudikapenetatik abiatuta, beraz, ikaskuntzan a priori eraikitzen diren errepresentazioek eragiten dutela: hizkuntzaz jakitea eta komunikatzen jakitea ez da ezberdin ikasleentzat; ikaskuntza estrategien behar urria sentitzen dute; talde lanerako konpetentziak zertan diren argitzea ez da pertinente eurentzat eta “egiten jakin” gaitasuna “jakin” gaitasunarekin parekatzen dute.
Irudikapenok eraldatu eta konpetentzia berriak jorratu beharra dago garapen indibidual eta kolektiboan aurrera egiteko; aurre kontzepzioak itxuraldatu beharra dagoela da atera dugun ondorio nagusiena. Prozesuaren behaketa tresnak eraiki eta ikaste-ekintzak esplizitatzeak zentzuzkoagoa eta kolektiboagoa bilakatuko du ikaskuntza. Irakaslea da ibilbide horretan akuilu. Bere lana da ikaskuntzaren osotasuna eta irudikapenak eginkizunen aurretik, bitarteko unetan eta azkenean aurkeztarazi eta gogoetagai ezartzea. Nola? Galderon erantzunak elkarrekin argituz: zergatik eta zertarako goaz aurrera? zer, nola eta noiz egiten ari gara? zer egin dugu, zertan ikasi dugu eta nola egiten jabetu gara horretaz guztiaz? Horixe da emaitza gisa, irudikapen askotarikoak doitu eta erregulazioaren egintza-indarra berma dadin proposatu nahi duguna.