HUHEZI: Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea
Komunikaldiak: jardunaldiak komunikazio korporatiboa lantzeko
Martxoaren 10ean Komunikaldiak egingo dira HUHEZIn, jardunaldi batzuk, komunikazio korporatiboa lantzeko.
Informazio eta Komunikazio Departamenduak antolatu ditu jardunaldi hauek, zabaltzeko enpresetako jendearen artean komunikazioa erreminta estrategikoa dela enpresaren jarduerarako.
Hori dela eta, sona handiko espezialista bat etorriko da jardunaldiotara, Eduardo García Matilla, esperientzia handikoa komunikazio korporatiboan.
Harekin batera, Ana Urkizak eta Pili Kaltzadak beren lan esperientziak azalduko dituzte komunikazio arduradun moduan. Ana Urkiza Danobat kooperatiban eta Euskal Idazleen Elkartean izandakoa da. Eta Pili Kaltzada BBK aurrezpen erakundean.
Arratsaldean, berriz, Juantxo Lopez Uraldek hitz egingo du, Greenpeace erakunde ekologistako lehendakariak. Jardunaldiak ixteko, berriz, mahai ingurua egingo da, eta hor parte hartuko dute MCC, Comma Consultores eta Michelin enpresetako komunikazio arduradunek
Mendeberrik positibotzat jo du hiru urteko esperientzia
Irakasle Ikasketetan ikasle promozio batek bukatu ditu ikasketak Mendeberri metodologiarekin ikasten. Egokiera ona metodologia eta emaitzak neurtzeko. Apirilean egingo dute hori, nahiz eta dagoeneko sumatzen den zertan hobetu beharko den. Hala ere, beste arlo batzuetan esperientzia oso positiboa izan da, esate baterako 2. mailako praktiketan, izugarri hobetu baitira Mendeberri indarrean dagoenetik. Orain trinkoagoak dira, eta arrazionalagoak.
Literatura asteak bekatu kapitalak landuko ditu aurten
Aurten martxoaren 20tik 24ra egingo da Literatura Astea HUHEZIn. Aldi honetan Bekatu Kapitalak izango dira hizpide nagusi.
Martxoaren 20an Kirmen Uribek inbidia aztertuko du. 21ean, Hasier Etxeberriak jatunkeria izango du hizpide. 22an, berriz, Unai Elorriagak handikeriaz hitz egingo du. 23an, nagikeria izango du berbagai Harkaitz Canok.
Martxoaren 24an, HUHEZIko ikasleen txanda izango da. Bekatu guztiak aztertuko dituzte.