M.U. kirol zerbitzua
Informazioaren gizartea, jarduera fisikoa eta osasuna
Gaur egun, dena maila altuenera eramaten da. Lanean eta kirolean dena eman behar izaten da, gorputza bere mugetara eraman. Tecnología berriak dena gertuago dakarkigu, informazioa “klik” baten truke. Baina hau guztiau zer preziotan?
Informazioaren gizarte honetan dena lortu dezakegu errazago, baina ez al gara gauza garrantzitsuenez ahazten? Non geratzen dira lagunak, non dago gure mugitzeko beharra? Gure garapenean nomada izatetik, leku finko batean bizitzera pasatu ginen. Gure elikagaiak bilatu eta ehizatzetik, landatzera eta orain dena ordenagailuz lortzera. Lan fisikoa egitetik, buru lana egitera, horrek dakarren estres eta presio maila altuagoekin. Baina hau zelan kanporatu? Noiz izango dugu momentutxo bat geuretzat?
Jarduera fisikoaren onurak askotan ikusi ditugu, ongizate fisikoari (loditasunaren eta bihotz gaixotasunen prebentzioa…) ongizate psikikoa lotu behar zaio, lehen aipatutako tentsioak liberatzeko era bat behar baitugu, harremanak egiteko beharra ahaztu gabe. Baina kontuz ibili behar gara, jarduera fisiko guztiak ez baitira osasungarriak. Kontuan izan behar da norberaren egoera fisikoa, eta jarduera horiek bakoitzari egokitu behar zaizkio, gaizki egiteak ez egiteak bezain ondorio txarrak ekar ditzake eta.
Azken horri lotuta, kirolaren moda ageri zaigu. Kirol ikuskizunak geroz eta gogorragoak izan ohi dira. Astean hiru partida ikusi nahi ditugu, korrikalariek 100 metroak 9,78 segunduan korritu behar dituzte eta maratoia 2:04:55etan. Frantziako Tourrean, berriz, 170 kilometroko 20 etapa egin behar dituzte 40km/orduko lastertasunean.
Zein gorputzek jasan dezake hori? Osasungarria izan daitekejarduera mota hori? Argüí dago ezetz. Baina arazoak ez dira eliteko kirolean soilik agertzen, jende arrunta ere hasi da bere gorputza adoratzen, zaintzen, baina estetikaren ikuspuntutik. Horren ondorioz, gaixotasun berriak agertu zaizkigu, hala nola anorexia, nork bere burua beti lodi ikustea; edo bigorexia, aurrekoaren kontrakoa, eta hor pertsonak beti ikusten du bere burua argal, eta horregatik orduak eta orduak pasatzen ditu gimnasioan, eta elikagai gehigarriak hartzen ditu…
Irakurritako guztiagatik, argi ikusten da horrela ezin dugula jarraitu. Autorik gabe edo playstationik gabe bizi gaitezke, baina gure gorputzik gabe ez; eta gorputza zaindu beharra dugu, gure bizitza osoan gurekin izango baitugu. Hau horrela bada, gorputza zaintzen hasi beharko gara. Horretarako, biderik onena izango da bizimodu aktiboa izatea.
Bizimodu aktiboa, baina, moldatu egin beharko dugu geure egoerara, entrenamendua astean birritan edo hirutan eginez, eta oinarri minimo batzuk jarraituz entrenamendu horretarako. Animo, beraz, etorri kirol adituongana, denon artean asma dezagun jarduera egoki bat, eta gogoan izan kirola lagun artean egitea askoz ere atseginagoa dela. Hortaz, ahaztu apur batez eguneroko betebeharrak, eta zatoz kirol zerbitzura!