Iritzia: Jon Sarasua, HUHEZIko irakaslea
Komunikazio ikasketez

HUHEZIn gure bisioari edo etorkizun-ikuspegiari buruzko eztabaida izan genuen orain dela bi urte, fakultateko langile guztien artean. Han irtendakoaren arabera, hezkuntza arloa eta giza zientzia aplikatuen arloa garatzeko borondateak mugitzen gaitu. Eta bigarren arlo honetan, bi lerro: enpresara begira bata, eta komunikaziora begira bestea. Hezkuntzaren eta enpresako giza faktorearen lerroekin batera, beraz, hirugarren bat zabaldu dugu fakultatean: komunikazioaren lerroa. Sinergia garrantzitsuak dituzte hirurek. Hezkuntzaren ardura, hizkuntza- komunikazioaren arloa, giza eta gizarte formazioa.
Hala, gure gizartearen etorkizunean toki hazkorra izango duen arlo bati heltzen diogu. Eta egiteko bati: komunikatzaileak heztea. Konplexua da gaur egungo komunikazio arloa. Batetik, komunikazioaren lan-esparrua hedatu egin delako euskarri desberdineko hedabideetan, erakundeetan, enpresetan. Bestetik, teknologibide berrien abiada azkartu delako, eta baliabide nahiz aukerak biderkatu egin dituelako.
Honen aurrean, eta berritasunen sarean itsutu gabe, ipar bati eutsi behar diogu: komunikatzaileak sortzea. Teknologiak teknologia, zer esana duten, irizpideak dituzten eta ideiak komunikatzeko gaitasuna duten pertsonak formatzen laguntzea. Irizpideak, zer esana eta hori komunikatzeko gaitasuna. Horretarako lehen gakoa, beste behin, iturri tradizionalean daukagu, arnas luzeko arloetan: idazmena, mintzamena, gizarte formazioa. Hori da komunikatzailearen enborra, motorra, eta berdin da gero ze gauza desberdinetan aplikatuko duen hori. Komunikazio gaitasunaren zentralitateak izan behar du gure ezaugarri. Sormena, idazmena eta mintzamena duten pertsonek, asmatuko dute hori gero bizitzan zehar euskarri desberdinetan agertzen, ikus-entzunezkoetan, beste hedabideetan, erakundeetan, enpresetan. Teknologiak azkar aldatzen dira. Teknologien olatu desberdinetan ibiltzen dakiten surflariak prestatzea da desafioa.
Gaitasun (-men) horiek egungo teknologibideetan garatzeko, jakina, teknologiak eskuetan hartu behar dira. Eta norberak sentitzen duen deiaren arabera, etorkizunean batean edo batzuetan sakondu. Eskuetan hartze hori zentzuz eragiten asmatzea da Informazio eta Komunikazio Departamentuaren zeregina, alor desberdinetako profesionalekin batera. Komunikazio ikasketetan ere HUHEZIko eta M.U.ko beste alor batzuetako intuizio oinarrizko bati eutsi behar diogu: lanean ikasi, lanean ari diren tokietan txertatu. Praktikak eta Ikasketa Amaierako Proiektuak ganoraz egiteko konpromisoa daukagu, eta horretarako telebista, irrati, ekoiztetxe, egunkari, erakunde eta enpresekin egingo dugun lotura ikasketen indarguneetako bat izango da.
Hau badoa. Eraikuntzan gaude.
Jon Sarasua
Lanki Ikertegiko burua
Volver al Índice