Elkarrizketa: Lander Beloki EZF-ko dekanoa
"Gurea unibertsitate gaztea da, berria eta berritzailea"

Irribarretsu agertu da ezf-ko dekano berria. Bilera batetik dator. Orain 34 urte jaio zen zaldibian, nahiz eta gaur egun donostian bizi den emaztearekin eta bi seme-alabarekin. Euskara ederto egiten du.
Euskal Herriko Unibertsitatean ikasi zuen Ekonomia, Sarrikon, eta hantxe egin zuen doktoretza. EHUn lan egin zuen, bekadun moduan lehendabizi, eta irakasle gisa gero, harik eta 1999an EZFra etorri zen arte irakasle. Aurtengo maiatzean, berriz, dekano izendatu zuten.
Nola hartu zenuen izendapena?
Buf! Hasieran sorpresaz eta ardura dezentez, baina baita aukera eta ohore bezala ere. Sentipen nahasiak izan nituen: poza, kezka, zalantzak, eta aukera. Kargua hartuta erabat berritu zenuen
Zuzendaritza Taldea?
Bai. Aurretik, urtebetez-edo, hausnarketa egin genuen fakultatearen norabideaz, eta diagnosietan argi ikusten zen hainbat gauzatan aldaketak egin behar genituela, nahiz eta beste hainbatetan lan oparoa egina genuen. Ondorioz, aurreko taldetik bik bakarrik segitzen dugu, Jose Luis Abaunz lehengo dekanoak, eta katura biok. Hortaz, jende gehiena berria da, eta horiek bultzada handia ekarri diote fakultatearen antolaketari. Taldea, berez, finkatuta dago, baina oraindik irizpideak finkatzen ari gara, eta lanari neurria hartzen. Aldaketa handiak izan dira, eta, gainera, etorri zaizkigu garai delikatuan, bi ikasturte artean.
Nolakoa da Zuzendaritza Talde berria?
Uste dut talde orekatua dela, eta uztartzen dituela adina eta gaztetasuna, esperientzia eta esperientziarik eza. Zazpi lagun gara: hiru unitate zuzendari, beste hiru departamendu zuzendari, eta ni. Ilusio handia dugu gauzak aurrera eramateko, eta baita ardura ere.
Zer erronka ditu EZFk aurrera begira?
Lehenengo eta behin, egokitu egin behar da hezkuntza eredua Europaren espaziora, eta ikasleak ere ondo prestatu merkatura irteten direnerako. Beste erronka bat izango da ikerkuntza garatzea. Unibertsitate gaztea gara, baina bai inguruko enpresek eta bai gizarteak ere horretara bultzatzen gaituzte, gehiago eta hobeto ikertzera. Eta enpresa aipatu dugunez, erronkatzat hartzen dugu sakontzea enpresekin dugun harremana. Nazioarteratzea ere elementu giltzarria da geroko, gure ikasleek eta irakasleek izan dezaten aukera kanpoan egonaldiak egiteko. Ahaztu gabe programa bateratuak egin nahi ditugula atzerriko unibertsitateekin. Beste erronka bat da plazaratzea eta ezagutzera ematea fakultatearen irudi korporatiboa. Baita bultzatzea gure irakasleen prestakuntza ere. Eta azkenik, Bidasoako campusa garatzea, han ere ezarri nahi ditugu-eta Oñatin ditugun aktibitateak.
Hemen, Larraña auzoan jarraituko duzue, ala beste norabaitera joateko asmoa duzue?
Oñatiko Udala ari da lantzen proiektu bat, Oñatiko Unibertsitate eta Teknologia Hiria, eta horren inguruan eta Sancti Spiritu Unibertsitatearen artean, hor nonbait, asmoa dago gure fakultatearen eraikin berria egiteko. Proiektua zehaztuta dago eta lotzen ari gara azken xehetasunak, fakultatea lehenbailehen eraikitzeko kokapen berrian.
Nola ikusten duzu Mondragón Unibertsitatea egiten ari den gogoeta estrategikoa?
Fakultateok ahalegin handia egin dugu unibertsitatean pentsatuta. Horrekin batera, egituraketa berri bat ezarri da unibertsitatean, bere proiektuari koherentzia handiagoa eman eta fakultateen arteko elkarlana bultzatzen duena.
Unibertsitatearen gogoetak ekarri ditu aldaketak fakultate guztietan. Zuenean gogorrak izan dira?
Zenbait kasutan, hausnarketak aldaketa delikatuak ekarri ditu pertsona batzuentzat eta orain arteko zenbait proiekturentzat, baina espero dugu honek guztiak lagunduko digula barrura begira unibertsitate integratuagoa izaten; eta kanpora begira, berriz, gure ekarpena euskal gizarteari oparoagoa izatea, azken batean gizartea gogoan egiten baitugu lan.
Zelan moldatzen da M.U. gainerako unibertsitateen artean?
Unibertsitate gaztea gara, berria eta berritzailea, eta, nahiz eta tamainaz txikia izan, hainbat arlotan aitzindariak gara, adibidez, enpresekin ditugun harremanetan.